Covalanas: Ramaleseko eskolaren adibidea

Covalanas Kantabriako Ramales de la Victoria herrian dago, Pando edo Haza Mendian, El Miron haitzuloaren gainean. Calera ibaiak sorturiko horma batean du sarrera, komunikabide naturalak kontrolatzeko leku aproposean.:–>

1903an aurkitu zuten Lorenzo Sierra eta Hermilio Alcalde del Riok, Kantauriar Isurialdean topaturiko labar artedun bigarren haitzuloa izan zen.
Kobazulo txikia da, harpe zabal batetatik abiatzen diren bi galeriek osatua. Bertako aztarnategi arkeologikoan ez da ia okupazio aztarnarik aurkitu, baina bere azpian kokaturiko El Mironen jendea bizi izan da 45.000 urtetan zehar, horregatik Covalanas santutegia eta El Miron bizilekua izan zirela pentsatzen da.
Labar irudiak eskuineko galerian kokatzen dira, lehenak ahotik 65 metro ingurura. Orein emeak dira nagusi, baina badira zaldi bat, uro bat, orein ar bat, irudi hibrido posible bat, zeinu errektangeluar batzuk, puntu eta lerro txiki batzuk ere.
Gehienak margo gorriak dira, irudi batzuk zizelatuak ere badaude, eta margo beltza ere erabiltzen da. Margo gorri askotan puntukatze teknika erabiltzen da, inguru geografiko honetan nahiko ohikoa.
Covalanaseko irudien kronologiari buruzko eztabaida ez da bukatu, baina antzeko errepresentazioak dituzten beste haitzulo batzuetan Gravete aldian kokatu izan dira, duela 25.000-21.000 urte inguru.
Puntuaketa teknikaren erabileragatik, irudien gaiagatik, estiloagatik…, haitzulo hau Ramaleseko Eskola deitzen den kobazulo multzoaren barruan kokatu izan da, Bizkaiko Enkarterrietatik hasi eta Asturiasen Sellaraino zabaltzen dena, baina pilaketarik handiena inguru honetan gertatzen da.
2008an UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen, Altamirako haitzuloa eta Kantauri Isurialdeko Paleolitoko Labar Artea multzoan.

arazi

Leave a reply

X