Hornos de la Peña: grabatuaren santutegia

Hornos de la Peña Cantabriako San Felices de Buelna herriko Tarriba auzoan kokatzen da, inguruaren ikuspegi bikaina ematen duen mendi-magal batean. 150 metro inguruko garapena du eta bertan jendea bizi izan da Erdi Paleolitotik Kalkolitoraino (duela 80.000 urtetik 1.700 urtera). Espainiako Gerra Zibilean ere babesleku moduan erabilia izan zen, horrek aztarnategi arkeologikoa larriki kaltetu zuen.

Haitzulo hau Neandertalen eta Homo Sapiensaren bizilekua izan zen milaka urteetan, azken honen presentziaren seinale, hainbat labar arte adierazpen aurkitu dira.
Hornos de la Peñako labar irudiak bi gunetan banatzen dira, sarreran ildo sakonez eginiko zenbait animalia irudi daude, gaur egun ia desagertuak, hala nola bururik gabeko bisonte bat eta zaldi bat, azken hau Kantauriar eskualdean mantentzen den kanpoko irudi zizelatu urrietako bat da. Gravete aldikoak (26.000-22.000 urte) edo Aurignac aldikoak (32.000-26.000 urte) ere izan daitezkeela esan izan da.
Barruko multzoan 35 animalia irudi inguru eta “macarroni”ak aurkitu dira, hatzekin buztin bigunean eginiko markak. Animalia guztiak zizelatuak dira, aurkitu den margo bakarra zaldi beltz bat izan da, bada margo mantxa gorri bat ere. Zaldiak, bisonteak, uroak, ahuntzak, elur-oreinak edo suge formako bat ikusi daitezke.
Baina irudi bereziena biluzik ageri den emakume antropomorfo bat da, isats luzearekin. Giza eta animalia ezaugarriak lotzeko moduagatik, txaman ekintzekin edo erlijioarekin lotura izan dezakeela pentsatzen da.
Barruko irudi multzoa Madeleine aldikoa izan daitekeela dirudi (duela 15.500-13.000 urte inguru).
2008an UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen, Altamirako haitzuloa eta Kantauri Isurialdeko Paleolitoko Labar Artea multzoan.

arazi

Leave a reply

X