La Peña: labar artearen mendebaldeko muturra

Asturiasko San Roman herrian kokatua, La Peña de Candamo haitzuloko irudien aurkikuntza zientifikoa 1914an kokatzen da, XIX. mende bukaeratik ezagunak ziren arren. Ordutik 1980ra arte, kobazuloa publikoarentzat zabalik egon zen eta irudiek kalte handiak jasan zituzten. Itxialdi baten ondoren, 1994tik bisitak mugatuak dira.

Nalon ibaiaren beheko haitzulo multzoaren parte da, labar artedun kobazuloen mendebaldeko muga egiten du. Bertan ez dago ia okupazio aztarnarik, baina bai gertu inguruko haitzulo txiki batean, agian La Peñako arte adierazpenak bertako biztanleek egin zituzten, teoria horrek haitzulo honen “santutegi” izaera azpimarratuko luke.
60 metro inguruko garapena du eta altuera handia, irudiak espazio desberdinetan daude. Margoak eta zizelatuak tartekatzen dira, badirudi denbora epe zabal batean burutu zirela, Gravete alditik Madeleine aldi bukaerako datak lortu baitira (22.590-10.870 urte). Madeleine aldian harri jausi batek jatorrizko sarrera itxi zuen.
Irudien artean, hainbat zeinu desberdin, uroak, bisonteak, ahuntzak, itsas zakur bat izan daitekeena, zaldiak eta oreinak aurkitzen dira, asko kalitate bikainekoak.
Irudien artean bi gailentzen dira, batetik haitzuloaren ikur bihurtu den zaldi polikromo bat, maisutasun handiz burutua, kobazuloko elementu natural batzuk apurtu zituzten osorik margotzeko.
Bigarren irudi esanguratsua sei marrek zeharkatua ageri den orein ar bat da, lantza edo geziak izan daitezke eta animaliaren burua atzera begira eta ahoa zabalik ageri da, zauriek sorturiko minagatik orroaz ari balitz bezala.
2008ko uztailean, La Peña haitzuloko artelanak Gizateriaren Ondare izendatu zituen UNESCO erakundeak, Altamirako haitzuloa eta Kantauri Isurialdeko Paleolitoko Labar Artea izenpean.

arazi

Leave a reply

X