Lascaux: labar artearen katedrala

Europan Paleolitoko labar artearen lehen erreferentzietako bat Dordoinako Montignac-en kokaturiko Lascaux haitzuloa da. Vézerè haranean aurkitzen da, mundu osoan Historiaurreko labar arte adierazpen eta bizileku kontzentrazio handienetako bat duen eremuan.
Irudiak 1940ko irailean aurkitu zituen zakur baten bila kobazulo batean sartu zen mutil talde batek, ikusi zuten lehen margoa bisonte baten aurrean hildako gizaki bat izan zen.
Adierazpen kopuru itzela gordetzen du, 1.500 grabatu eta 600 margo dokumentatu dira, besteak beste 364 zaldi, 90 orein, uroak, bisonteak, felidoak, txori bat, hartz bat, errinozeronte bat eta gizaki bat, hainbat zeinurekin batera. Bitxikeria moduan, ez da elur oreinik ageri, nahiz eta hau zen beraien elikaduraren oinarria.
Irudiak duela 17.300-17.000 urte ingurukoak izan daitezke, Madeleine aldiaren hasierakoak, zenbait zaharragoak ere izan daitezkeen arren. Tamaina handiko animalia irudiek erakartzen dute arreta eta parterik ezagunena Zezenen Areto Handia da.
1948an Lascaux publikoarentzat ireki zen, urtean 1.200 bisitari inguru hartuz. Horrek irudietan sortzen zuen kaltea argi gelditu zen 1956rako, 1963an itxi egin zuten eta margoak jatorrizko egoerara bueltatu, eguneroko jarraipena eginaz.
1979an UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen, Vézerè haraneko beste zenbait lekurekin batera. 1983an Lascaux II ireki zen, kobazuloko irudi esanguratsuenak jasotzen dituen erreplika.
2000an kobazuloko aireztatze sistema zaharberritu zen, baina aldaketak espazioaren barne oreka apurtu zuen eta irudiak oso azkar hondatzen hasi ziren, desagertze arrisku larrian jarriz. Horregatik, 2008an UNESCOk Lascaux desagertze arriskuan dauden Gizateriaren Ondare elementuen zerrenda gorrian sartu zuen.

arazi

Leave a reply

X