Gaztelu Muinoko haitzuloak: Behe Nafarroako labar artea

Gaztelu Muinoa, Behe Nafarroako Donamartiri herrian, Arberoa haranean kokatua, munduan ezaguna da Isturitze kobazuloa bertan aurkitzen delako, baina bertako sistema espeleologikoan aurkitzen diren Oxozelhaia edo Haristoi eta Erberua leizeek ere Historiaurreko okupazio aztarnak eta labar artea gordetzen dituzte.
Oxozelhaia edo Haristoi haitzuloa sistemaren erdiko mailan kokatzen da, irudi gehienak 1955an aurkitu ziren, kobazulo osoan zehar sakabanaturik daude, zokoetan, pasoko lekuetan, galerietan, geletan, izkina itxietan…Erdi eta Goi Madeleine aldian (duela 15.000-10.000 urte) eginak direla pentsatzen da.
Hiru zaldi oso eta beste baten zatia, orein eme bat eta interpretazio zaileko marra multzo bat dira, zizelatuak. Margoen artean beltzez margoturiko bi zaldi txiki eta bisonte gorri bat daude.
1982an, aurrekoetatik urrun, beste irudi multzo bat aurkitu zen,guztira 21 irudi, besteak beste hatzarekin eginiko “macarroni” sail bat, bisonte grabatu bat eta aho inguruan uhalen itxurako marra oso markatuak dituen zaldi bat.
Erberua sistemaren beheko mailan dago eta oraindik ere ibaiaren arroa aktibo dago, irudiak 1973an aurkitu ziren eta ikertzeko oso egoera konplikatuan daude. Galeria desberdinetan irudi grabatu eta zizelatuak aurkitzen dira.
Zaldiak, bisonteak, basahuntz bat, elur orein bat, zenbait zeinu, katukia izan daitekeen animalia bat, gorriz margoturiko hartz bat eta hiru zeharkako esku gorri aurkitu dira. Euskal Herrian aurkitu ziren lehen esku margotuak izan ziren, eta oraingoz bakarrak.
Irudi hauek Erdi Madeleine aldian datatu izan dira, zeharkako eskuen kronologia tradizionalki Gravete aldian kokatu izan den arren (duela 28.000-21.000 urte).

arazi

Leave a reply

X