Altxerri: bisontearen santutegia

1956an Aiako Ubegun auzoa Oriorekin lotuko zuen errepidea eraikitzen ziharduten bertako auzotarrek, lan horietarako beharrezko kareharria Beobategaña mendian kokaturiko harrobi batetik lortzen zuten, Altxerri baserritik oso gertu. Dinamita eztanda batek zulo bat eta galeria luze eta zabal baterako sarrera agerian utzi zituen. Errepidearen lanak bukatzean harrobia bertan behera utzi zen eta denbora horretan inguruko zenbait jende ibili zen kobazuloan.

Aranzadi Zientzia Elkarteko Espeleologia Saileko kideek aurkikuntza horren berri izan zuten eta 1962ko urriaren 28an Felipe Aranzadi, Javier Migliaccio eta Juan Cruz Vicuña espeleologia materialarekin hurbildu ziren bertara. Sarreratik 115 metro ingurutara marka beltz batzuk ikusi zituzten, 50 zentimetro inguru neurtzen zituen irudi bat zen, buruz behera kokaturiko bisonte bat.
Berehala eman zioten aurkikuntzaren berri Aranzadi Zientzia Elkarteko Historiaurre Departamenduko zuzendari zen Jose Miguel Barandiarani. Irudiak Paleolito garaikoak zirela egiaztatu ondoren, azaroaren 24an Altxerri ate batekin itxi zuten eta aurkikuntzaren berri eman.
Harrobiaren lanek ireki zuten zuloa ez zen kobazuloaren jatorrizko ahoa, bertatik oso gertu aurkitzen den arren. Jatorrizko ahoa estalagmita zutabe batek ia itxita aurkitzen da eta aldapan behera eroritako sedimentu depositu bat du gainean, horren ondorioz, Altxerriko aztarnategi arkeologikoa industea ezinezkoa izan da eta bertako irudiak datatzeko erreferentzia estratigrafikorik ez dago, beraz, oso zaila gertatzen da adierazpen hauen garaia ezartzea.
Altxerriko irudi gehienak zizelatuak dira, gure lurraldeko kobazulo gehienetan gertatzen denaren kontra, oso margo gutxi aurkitu dira bertan, beraien data Goi Paleolitoaren bukaeran kokatu izan da, sasoi zehatz bat ezartzeko orduan eztabaida asko izan diren arren. Irudiak duela 13.000 eta 11.000 urte bitartean eginak izan daitezke, Altxerri Euskal Herriko azken labar santutegia dela esan izan da.
Kobazulo nahiko luzea eta espeleologia mailan nahiko konplikatua da Altxerri, altuera desberdinetan kokaturiko galeria eta leizeekin. Zortzi gune desberdinetan banaturiko ehun irudi inguru aurkitu dira bertan, gehienak bisonteari eskainiak, baina labar artean oso arraroak eta bereziak diren hainbat animalia espezie ere irudikatu dira bere hormetan, hala nola bost arrain, suge bat, azeri bat, erbi bat, hegazti bat, saiga antilopeak eta jatun edo glotoi bat, badira bi antropomorfo ere.
Zaldi batzuk ere badira Altxerrin, baina kopuru nahiko urrian Euskal Herriko beste santutegi batzuekin alderatuta. Elur oreinaren errepresentazioek aldiz, presentzia dezentea dute kobazulo honetan, gure lurraldean ez da oso ohiko gaia, baina Altxerrin pisua du. Ahuntza eta oreinaren presentziari dagokionez, kopuruan gainontzeko kobazuloekin nahiko parekatua da.
Gizakiak buruturiko mota desberdinetako zeinuak ugariak dira Altxerrin, horietatik asko “ilajearen marradura” bezala kalifikatuak izan dira, bisontearen anatomiako ilearen xehetasunak markatzeko eginak dirudite, irudiak islatu aurretik azalera prestatzeko ere erabili dute marrak burutzearen baliabidea.
Aztarnategi arkeologiko induskaturik ez izateak irudien testuingurua eta interpretazioa ezartzea izugarri zailtzen du, baina badirudi Altxerriko irudi multzoa maisu talde batek garai kronologiko berdintsuan buruturiko lanaren emaitza dela eta irudi horiek Madeleine aldiaren bukaerakoak izan daitezke.
Euskal Herriko beste kobazulo batzuekin alderatuta, Altxerrin zizelatuaren teknika modu nabarmenean gailentzen da margoaren gainetik. Bisonteak beste espeziekiko duen nagusitasuna ere berezia da, normalean espezien arteko proportzioan oreka handiagoa ikusten delako. Horrez gain, bertan islaturiko espezie kopuruak Altxerri Europa mailan nabarmentzen du, Madeleine aldiko labar arte adierazpenetan erabat ezohikoak diren hainbat espezie irudikatu baitira kobazulo bakar batean.
Santutegi berezia eta sailkatzen zaila da beraz Altxerri, bertako bisonteen nagusitasunari kasu eginez, zenbait autorek Santimamiñeko irudiekin erlazionatu dute, honen kronologikoak zertxobait zaharragoa dirudien arren. Pirinioetako arte multzoekin lotura gehiago duela esan izan dute bere eremu geografiko naturala den eskualde asturiar-kantabriarrarekin baino.
2008ko uztailean UNESCOk (Hezkuntzarako, Zientziarako eta Kulturarako Nazioa Batuen Erakundea) Altxerri Gizateriaren Ondare izendatu zuen Ekain, Santimamiñe eta Asturias eta Cantabriako beste zenbait kobazulorekin batera, izendapen horri eskerrak bertako labar arteak babes mailarik gorena du.

arazi

Leave a reply

X