Ekaingo altxor berria: hegazti ingerada ebakia

Goi Paleolitoko Homo sapiens-sapiens gizakiek euren ideiak adierazteko bide desberdinak aurkitu zituzten eta euren arte adierazpenak komunikatzeko behar horien isla bikainak dira. Gizaki haiek euren artelanak euskarri desberdinetan burutu zituzten.
Historiaurreko arte adierazpen ezagunenak labar artearen izenpean biltzen dira, harkaitz handietan buruturikoak dira, askotan lurpean metro askotara sartu behar da berauek ikusteko.

Baina badira tamaina txikiagoko eta pisu arinagoko azaleretan buruturiko artelanak ere, agian pertsona haiek erabilera jakin bat zuten tresnak apaintzen zituzten, baina gaur egun ez dakigu tresna horien helburu zehatza zein zen, arte eramangarria bezala ezagutzen da eta oso errealitate anitza da.
Ekaingo kobazuloko aztarnategi arkeologikoan mota honetako bi arte adierazpen aurkitu dira. Lehenengoa hareharrizko xafla apaindu bat dugu, basahuntz baten, zaldi baten eta orein baten irudiak dituena.
Bigarrena oso pieza berezia da hainbat arrazoirengatik, norbaitek bobido handi baten saihets hezurra landu zuten hegazti baten itxura eman ahal izateko.
2009an Ekaingo kobazuloko aztarnategi arkeologikoa industen ari zen lan taldeak aurkikuntza aparta burutu zuen, duela 13.800 urte inguruko gizakiek bisonte edo uro baten saihets hezurrean hegazti baten forma landu zuten, 66,2 milimetroko luzera, 19 milimetroko zabalera eta 3,3 milimetroko lodiera dituen pieza bat sortuz, ingerada ebaki izenez ezagutzen den pieza mota bat.
Pieza hau datatze sistema absolutuak erabiliz datatu ahal izan da eta Ekainen duela 13.862 ± 129 BP utzi zela ezarri ahal izan da, data hori Ekaingo labar artearena eta Ekaingo xafla izenez ezagutzen den arte eramangarri piezarena baino zaharragoa da, Erdi Madeleine aldian koka daiteke.
Ekaingo hegazti ingerada ebakia oso pieza berezia da hainbat arrazoirengatik, batetik, lehengo aldiz horrelako pieza baten gaia hegazti bat delako, orain arte aurkituriko mota honetako pieza gehienak zaldien errepresentazioak dira, sarrio eta ahuntz batzuk, bisonte edo orein emeren bat, baita arrainen bat ere, baina inoiz ez da hegaztirik aurkitu.
Piezaren euskarria ere berezia da, ingerada ebaki gehienak zaldiaren hioide hezurrean eginak dira, berez zaldi buru baten itxura duen hezur bat, eta zintzilik eramateko zuloak izaten dituzte. Ekaingo piezaren kasuan bobido handi baten saihets hezurra erabili dute lehengai bezala eta ez dauka zintzilika eraman ahal izateko inongo zulorik.
Horretaz aparte, orain arte aurkitu diren ingerada ebaki gehienak Pirinioetako eskualdean azaldu dira, oso arraroak dira eskualde kantauriarrean, beraz, Ekaingo ingerada ebaki hau eskualde tradizionaletik oso aparte aurkitu da.
Hezur zatian hegaztiaren irudia lantzeko erabili duten ikuspegia ere berezia da, normalean hezurraren planoaren bi alderdiak simetrikoak izaten dira, baina Ekaingo hegazti ingerada ebaki honen kasuan ikuspegi okertua erabili dute, agian hegan doan hegazti bat luzea baino zabalagoa delako eta zabalera guzti hori ez delako kabitzen saihets hezur estu batean.
Konplikatua da zein hegazti mota islatu nahi izan zuten jakitea, batez ere hegaztiak anitzak direlako eta euren elementu bereizgarria den kolorea ezin dugulako ikusi pieza honetan. Hasieran uretan murgiltzera doan martin arrantzale bat (Alcedo althis) izan zitekeela uste izan zen, gero lepo eta isats aldeko markak antzaren lumek izan ohi dituzten marren errepresentazioa izatea posible zela pentsatu zen.
Den hegazti espeziea dela, Ekainen aurkituriko hegazti ingerada ebaki hau benetan pieza bitxia da hainbat arrazoirengatik, horrez gain, ez daukagu zertarako erabiltzen zutenari buruzko ideiarik ere.

 

arazi

Leave a reply

X