Labar artea Euskal Herrian: ikuspegi orokor bat

Labar artea Goi Paleolitoko Homo sapiens-sapiens gizakiek azalera handietan buruturiko arte adierazpen mota da, bere ezaugarri nagusia mugiezina izatea da, publikoak hurbildu behar du artelanera, berauek leku finko eta mugiezin batean landuak agertzen direlako. Mota honetako artelanak askotan kobazulo sakonetako hormetan aurkitu izan dira, gizakion ikusmenetik oso urrun.

Arte adierazpenen sorrera Homo sapiens-sapiens gizakiaren agerpenari lotua dago, giza espezie hau Europan duela 35.000 urte inguru agertu zen eta labar artearen lehen zantzuak ere garai horretakoak ditugu, baina mota honetako artelanen mailarik gorena Madeleine aldian iristen da, duela 17.000 urte ingurutik duela 11.000 urte ingurura bitartean luzatzen den epealdian.
Madeleine aldian labar artea Europa osora zabaltzen da, bere hedapen esparrua gero eta gehiago zabaltzen ari da ikerketa arkeologikoak aurrera doazen neurrian, baina guretzat ezezaguna den arrazoiren batengatik, eskualde franko-kantabriarra izenez ezagutzen den eremuan adierazpenen pilaketa handi bat aurkitzen dugu, Frantzia hego-mendebaldetik hasi eta Asturiaseraino zabaltzen den esparru geografikoan.
Euskal Herria eskualde horren barruan aurkitzen da eta gure lurraldean ere garai, mota, kalitate eta esanahi desberdinetako hainbat labar arte adierazpen aurkitu dira hainbat kobazulotan.
Gaur egun Euskal Herriko hamasei kobazulo desberdinetan ezagutzen dira Paleolito garaiko labar irudiak, oraindik ere aurkikuntza berriren bat gehiago gertatzea posible den arren.
Adierazpen zaharrenak Karrantza inguruan kokatzen dira ziurrenik (Benta Laperra, Areatza edo El Rincón kobazuloetako adierazpenak duela 30.000-22.000 urte bitartekoak izan daitezke), kronologia berriena berriz, Altxerriko errepresentazioek izan dezakete (duela 13.000-11.000 urte eginak izan daitezke).
Kobazulo horietako gehienak ez dira inoiz publikoarentzat zabalik egon, jendearentzat itxita mantendu dira irudien babes arrazoiengatik edo espeleologia mailan dituzten arriskuengatik, arrazoi horiengatik, gaur egun gure labar arte ondarea oso ezezaguna da gizartearentzat.
Oso errepresentazio anitzak dira tratatzen duten teknikari, estiloari edo gaiari dagokionez, garai desberdinetan eginak dira gainera, eta inondik ere ezin da unitate bakar batez hitz egin, elkarrengandik nahiko hurbil kokatzen diren aztarnategiek ere ez dirudi elkarren artean lotura zuzenik dutenik eta interpretazio orokorrak egitea oso zaila gertatzen da.
Kasu batzuetan labar arte adierazpenak marra zizelatu batzuk edo margo gorrizko puntu batzuk izango dira, beste batzuetan animalia irudi multzo txiki bat, edo beste batzuetan benetako maisulan multzo ikusgarriak, bai irudi kopuruari dagokionez, baita euren kalitateagatik ere.
Ia bi urte dira Ekainberriko web orrian Historiaurreari buruzko artikuluak argitaratzen hasi ginela eta hilabete hauetan zehar Historiaurrea, Goi Paleolitoa, Homo sapiens-sapiens gizakia eta mota desberdinetako arte adierazpenak aztertzen ahalegindu gara, Ekaingo kobazuloari eta bertako labar arteari eta arte eramangarriari buruzko informazioa eta teoriak ere plazaratu ditugu, egin zireneko testuingurua, landutako gaiak edo erabilitako teknikak ere aztertuz.
2013. urtean zehar, www.ekainberri.eus web orriak eskaintzen digun zabalkunde espazio hau Euskal Herriko labar santutegietan zehar egindako ibilbide batean bihurtu nahi dugu, kobazulo eta arte multzo bakoitzaren ezaugarriak eta berezitasunak ezagutzera ematen ahaleginduz.

 

arazi

Leave a reply

X