Paleolitoko artistak eta gaur egungoak aurrez aurre Ekainberrin

Ekainberriren 5. urteurrena jardueren barruan, ezinbestekoa zen margoari erreferentzia egingo zion jardueraren bat. Ondo jakina da artista asko Historiaurreko gizakiek egindako margoetan inspiratzen direla sortzeko. Bereziki, eta Ekainen kasuan, margolariak dira Ekainberrirekiko hurbiltasun handia sentitzen dutenak, bertan irudikatzen baitira duela 14.000 urteko margolanak. Horregatik, eta urteurrena baliatuta, nazioartean izen handia duten lau margolarik obra bana prestatu dute, eta erakusketa bi hilabetez ikusgai egongo dira Ekainberriko harreran.
Ondarearekiko eta historiarekiko gertutasun berezia duten artistak dira erakusketarako obrak egin dituztenak, aurkezpenik ere ia behar ez dutenak: Juan Luis Goenaga, Angel Uranga, Xabier Obeso eta Maximina Espeso. Guztiek adierazi izan dute historiarekiko eta kulturarekiko lotura handia eta haien lanetan islatzen da konpromiso hori. Gainera, Aranzadiko kide aktiboak dira.

Ekainberrirentzat ohore handia da halako artista handiekin elkarlanean aritzea. Lau piezaz osatutako erakusketaren xumetasunaren gainetik, obra bakoitzaren eta bere egilearen kalitate artistikoa gailentzen da. Horrez gain, eskertzekoa da lau artistek erakusketan izan duten inplikazioa. Izan ere, sortu dituzten lanetako batzuk bereziki sortu dituzte erakusketarako, eta lau artistek hartu dute parte inaugurazioan.

Lau artistekin batera, inaugurazioan izan dira Ekainberri kudeatzen duen Ekain Fundazioko ordezkariak: Garazi López de Etxezarreta, Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura zuzendaria; Juanjo Aramburu, Ekainberriko zuzendaria; Juantxo Agirre-Mauleon, Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari orokorra; eta Ruben Alberdi, Zestoako alkatea.

Historiaurrea eta labar-artea dibulgatzeko sortu zen Ekainberri, eta bide horretan, erakusketa tematiko ikusi ahal izango dute Ekainberrira hurbiltzen diren bisitari guztiek azaroaren 13 arte. Urteurrena ospatzeko beste zenbait ekimen eta eskaintza martxan daude. Besteak beste, irailaren 20 arte erdi-prezioan egongo dira sarrerak bisitari guztientzat.

Datu nagusiak
Noiz: irailaren 13tik azaroaren 13ra
Non: Ekainberriko harreran
Sarrera: Ekainberriko sarrera erostearekin batera ikus daiteke erakusketa
Erreserbak egiteko informazioa: 943 86 88 11 – info@ekainberri.com
Artistak: Juan Luis Goenaga, Angel Uranga, Xabier Obeso, eta Maximina Espeso

Artisten biografia laburra

Juan Luis Goenaga (Donostia, 1950)
Euskal Herriko pintoreen artean erreferenteetako bat da, eta euskal kulturaren berpizkundeko ezinbesteko izenetako bat. Beste zenbait artistarekin batera, Gaur taldeko kidea izan zen 70eko hamarkadan. Bere estiloan eta gaietan maiz agertzen dira euskal mitologiako eta Historiaurreko elementuak, beraz natura eta ondarea dira bere lanen oinarri nagusietako batzuk.

Angel Uranga (Zarautz, 1961)
Mundu osoan saltzen ditu bere lanak, eta nazioarteko arte-merkatuan kotizazio handia dauka. Bi bide nagusi lantzen ditu. Batetik, oleoarekin egindako koadroak egiten ditu, hainbat gairekin. Bestetik, “bitartekoen arteko bateraezintasuna” kontzeptuaren baitan, ura eta oleoa nahastuta lan esperimentalak egiten ditu.

Xabier Obeso (Errenteria, 1952)
Estatuan eta nazioartean erakusketa ugari egindako artista da, hala bakarka, nola taldean. Ibilbide luzea eta aberatsa urratu du errealismotik sinbolismora, etengabeko bilaketan. Halako garapenarekin eta egindako produkzioarekin, dagoeneko, Arte Katalogo Nazionalean badu tokia, eta oraindik jardun betean dihardu.

Maximina Espeso (Torrelavega, Cantabria, 1959)
Historiaurrean espezializatutako artista bat ezinbestekoa zen erakusketa honetan. Labar-artea abiapuntutzat hartuta, abangoardiako teknika eta materialekin egiten ditu bere margo-lanak. 1975etik sari ugari irabazi ditu, eta erakusketak egiten ditu. Ondarearekiko sentsibilitate berezia erakusten dute bere margolanek.

arazi

Leave a reply

X