Giza irudiak Historiaurreko artean

Gizakiak eginiko lehen arte lanak, helburu estetiko batekin gizakiak burututako markak, Goi Paleolitoaren iritsierarekin eta Homo sapiens-sapiens gizakiaren agerpenarekin sortzen dira, duela 35.000 edo 30.000 urte inguru.
Historiaurreko artea bi multzo nagusitan bereizi izan da, arte eramangarria edo higigarria osatzen dutenak konplexio ertaineko gizaki batek gainean eramateko moduko pieza batean eginiko adierazpenak dira, horrela kalifikatu izan da giza jatorriko marka bat duen edozein pieza. Bestetik labar artea dago, gizakiak harkaitz handietan edo kobazuloetako hormetan eginiko artelanak dira, mugiezinak, ikusleak mugitu behar du irudiak ikustera.

Goi Paleolitoko artean hiru gai multzo desberdin identifikatu daitezke, batetik giza irudiak edo antropomorfoak daude, animalia irudiak edo zoomorfoak bestetik, eta azkenik ideomorfoak edo zeinuak.

Giza errepresentazioak ez dira oso ohikoak Historiaurreko artean, gizonezkoari dagozkionak eta emakumea adierazten dutenak ikusi daitezke, irudi osoak ageri dira, baina baita partzialak ere, eta ohikoagoak dira arte eramangarrian labar artean baino.

Arte eramangarriari dagokionez, emakumezkoa adierazten duten irudiak dira ohikoenak, erretratuak oso irudi mota arraroa kontsideratzen dira, errepresentazio partzialak aipatzean berriz, alu bezala interpretaturiko irudiez mintzo gara. Izoztaroaren bukaera aldean emakumeen silueta ugari agertzen dira, inguru estilizatuak osatuz.

Baina arte eramangarriaren barruko emakume errepresentazio nagusiak, eta ezagunenak, venus esteatopigioak dira, euren kronologia Gravette aldian, Goi Paleolitoaren hasieran kokatu behar da.

Venusak bulto borobileko iruditxoak dira, material desberdinen gainean burutuak eta ugalkortasunarekin lotuta egon daitezkeela interpretatu izan da, askotan emakume biluziak izaten dira eta amatasunarekin loturiko atalak (bularra eta aldakak) oso nabarmen markatuak izaten dituzte. Europa mendebaldean aurkituek aurpegirik ez dute izaten, Europa ekialdekoek apaingarriak izaten dituzte landuta, “siberiarrak” bezala ezagutzen direnetan aurpegiak eta ileak garrantzia handia dute eta jantzita agertzen dira.

Gizonezkoari eskainiriko irudiak arraroagoak dira, oso silueta edo erretratu gutxi aurkitzen dira, errepresentazio partzial gehienak zakil bezala interpretaturiko zeinuak dira. Arte mota honetan aurkituriko gizonezko irudi gehienek animalien ezaugarriak erakusten dituzte, gizonezko irudiak animali bihurtzen dira parte batzuetan.

Goi Paleolitoko labar artean ere gaiak mugatuak dira eta giza irudiak edo antropomorfoak, zoomorfoak edo animalia itxurakoak eta ideomorfoak edo zeinuak bereizi behar dira berriro ere.

Ez da batere arrunta labar artean giza irudirik aurkitzea, batez ere gizonezkoarenak, horregatik gizakien irudiak gai tabu bat izan zitezkeela pentsatu izan da.

Gizonezkoen irudiak urriak dira, zakil bezala identifikaturiko irudi isolatu gutxi batzuk daude, baina gizonezko bezala identifikaturiko irudi osoak ohikoagoak dira, zakila izateagatik edo bularrik ez izateagatik sailkatu dira horrela.

Gizakiarenak izan daitezkeen buru isolatu batzuk ere aurkitu dira, aurrez edo profilez landuak. Noizean behin koito eszenak ere ikusi daitezke, edo gizonezkoa biktima moduan agertzen den egoerak, askotan zaldiaren irudiekin harremanetan aurkitu izan dira gizon irudi horiek.

Madeleine aldian gizonezkoaren irudi asko animaliaren buruarekin agertzen dira, baina bi zangorekin, komunitateko aztiak izan daitezkeela pentsatu izan da.

Emakumearen irudiak gizonezkoarenak baino gehiago dira, baina ez dira ohikoak. Sarritan irudikatze partzialak dira, adibidez alu bezala interpretaturiko zabalgunea beherantz duten hirukiak, marra batekin erditik zeharkatuta, kutsu naturalistagoa duten aluak ere badiren arren. Batzuetan harkaitzaren zenbait pitzadura (aluak) edo irtengune (bularrak) gorriz edo beltzez margotuta agertzen dira.

Emakumearen errepresentazio errealista gutxi aurkitzen dira eta bisontearekin edo mamutarekin harremanetan agertzen dira. Silueta estilizatuak agertzen direnean, askotan bururik edo zangorik gabe irudikatzen dira, ipurmasailaren lerroa oso markatua agertuz.

arazi

Leave a reply

X