Homo sapiens-sapiens: Ekaingo biztanlea eta artista

Homo sapiens giza generoa duela 150.000 urte inguru Afrikan sortu zela uste da, genero honek espezie bat baino gehiago barneratzen ditu, horietako batzuk besteek baino garapen arrakastatsuagoa izan zuten eta denbora gehiagoan iraun dute bizirik.

Denborarekin, sapiens generoko gizakia jatorrizko sorburutik mundu osora zabaldu zen, zabaltzen zioan neurrian garapen desberdinak bizi izan zituen eta generoaren barruan espezie desberdinak sortu ziren.
Gizaki modernoa edo Homo sapiens bezala ezagutzen da gaur egungo gizakiaren antzeko itxura fisikoa duena. Milaka urtetako garapen baten ondoren, duela 35.000-30.000 urte inguru Homo sapiens-sapiens edo Cro-magnon gizakia bezala ezagutzen den gizakia agertzen da, gaur egungo gizakion burmuin gaitasun berbera (1.400 zm3) duen espeziea eta gaur egun oraindik bizirik dirauen Homo generoko espezie bakarra.
Europan Homo sapiens-sapiens gizakiaren ibilbidea duela 35.000 edo 30.000 urte inguru kokatu daiteke, Goi Paleolitoaren hasierarekin batera. Bere burmuin gaitasuna areagotu egiten da 1.400 zm3tako bataz besteko gaitasun bat lortu arte, garezurra borobildu eta bekokia zutitu egiten da, aurpegiaren eta hortzen tamaina txikitu, hezurrak findu eta garaiera irabazten du.
Giza espezie honen arrakastaren arrazoia bere egokitze gaitasuna izan daiteke, aurretiko gizaki espezie asko gune ekologiko oso mugatuetara egokitu eta beraietan bizitzen geratu ziren bitartean, Homo sapiens-sapiensak mundu guztira zabaldu ziren eta habitat oso desberdinetan eta oso muturrekoetan bizitzera egokitu, polo inguruetako klima hotz eta idorretik hasi eta ekuatore inguruko klima bero eta oso hezetaraino agertuz, gune bakoitzeko baliabideak bere onurarako ustiatuz eta baliatuz.
Lehen Homo sapiens-sapiensen ekonomia ehiztaria, arrantzalea eta biltzailea zen, Paleolito garaiko gizaki guztiena bezala. Bizitzeko baliabideak bere ingurua ustiatuz lortzen zituen eta baliabide horien bila sarri mugitzen ziren, askoz beranduago arte ez zen hasi espezie hau janaria ekoizten eta ekoizpen puntuen inguruan bizimodu egonkorrago bat egiten.
Europan behintzat, gizaki hauek kobazuloetan bizitzeko joera zuten, bazuten horretarako arrazoi sendo bat, Goi Paleolitoa azken izoztaro handiaren garaia izan zen, gizakiek klima oso hotzari aurre egin behar zioten eta kobazuloak muturreko hotz horretatik babesteko oso leku aproposak gertatzen zitzaizkien.
Espazio itxi hauek tenperatura konstantea mantentzen dute eta neguan oso leku epelak izan daitezke. Horrek ez du esan nahi beraien bizileku bakarrak kobazuloak zirenik, baina aire libreko kanpalekuak egurrak edo larruak bezalako material galkorrekin eraikiko zituzten, beraz, aztarna horiek oso ingurugiro baldintza berezietan bakarrik gorde ahal izan dira.
Homo sapiens-sapiens gizakia kontsideratu izan da lehen artista ere, artea gizakiak helburu estetikoz edo komunikazio helburuz eginiko edozein jarduera edo produktu da, horretarako bere esku dituen baliabide desberdinak erabiliz.
Lehen arte adierazpenak duela 30.000 urte inguru kokatzen dira, Homo sapiens-sapiens gizakiaren agerpenarekin bateratsu, zerbait adierazteko helburuarekin tresnetan eta kobazuloetako hormetan irudiak egin zituzten.
Arte jarduera horren adierazpen paregabea dira Ekaingo kobazuloko hormetan utzi zuten labar artea, baita kobazulo honetako aztarnategi arkeologikoetan aurkituriko arte eramangarriaren ereduak ere.
Historiaurreko gizakiak eta euren bizimodua ezagutzeko iturri nagusiak arkeologiaren bidez lorturikoak dira, idazkerarik ez zutenez, eta euren ondare inmateriala berreskuratzea ezinezkoa denez, gizaki hauek ezagutzeko dugun modu bakarra euren aztarna materialak ikertzea da, beraiek euren bizilekuetan utziriko aztarnak, tresnak eta hondakinak dira arkeologo baten lanaren oinarriak.
Iturrien ezaugarri horien ondorioz, askotan arkeologoek datuak interpretatu egin behar izaten dituzte eta oraindik ere gai hauei buruz argitu beharreko puntu ugari daude, Paleolito garaiko gure aurrekarien bizimoduaren hainbat aspektuk misterioan bilduta jarraitzen dute.

 

arazi

Leave a reply

X