Zeinuak Historiaurreko artean: Paleolitoko misterioa

Gizakiari egotzitako lehen artelanak Goi Paleolitoan agertzen dira, adierazpen horiek duela 35.000 urte inguru agertu zen Homo sapiens-sapiens edo Cro-Magnon giza espezieari zuzen- zuzenean loturik daude eta printzipioz helburu estetiko soilarekin burututako ekintzak dira, ez dute eragin zuzenik errepresentaturik dauden tresna edo azaleraren funtzionalitatean.
Historiaurreko arteaz edo Paleolitoko arteaz mintzatzen garenean, askotan gizakiak kobazulo sakonetako hormetan buruturiko artelanak etortzen zaizkigu burura, labar artea, baina badira hain ezagunak ez diren arte euskarriak ere, arte eramangarria edo higikorra da, gorpuzkera ertaineko pertsona batek gainean eramateko moduko pieza batean eginiko errepresentazioak.
Bai arte eramangarrian, baita labar artean ere, Goi Paleolitoko artistek hiru gai mota nagusi jorratu izan dituzte, batetik animalia irudiak edo zoomorfoak daude, bestetik giza irudi edo antropomorfoak, azkenik, zeinuak edo ideomorfoak, azken hauek dira ugarienak eta anitzenak, baina baita interpretatzen zailenak ere.
Gai ideomorfoak edo zeinuak kontsideratzen dira subjektu erreal batekin lotura posiblerik ez duen edozein forma geometriko edo abstraktu. Definizio honen zabaltasunak berak zeinu hauen ikerketa gai oso konplexu bihurtzen du, objektu baten gainean helburu estetiko hutsarekin buruturiko edozein arrasto zeinu bezala interpretatu behar delako.
Arte eramangarriaren arloan, zeinuen presentzia etengabea da, marrak, hiruki, lauki edo borobil itxurako zeinu geometrikoak, abstrakzio edo grafiak, oso ohikoak dira, batzuetan zeinuak bakarrik ageri dira, isolatuta edo beste zeinu batzuekin uztartuta, beste batzuetan berriz, animalia irudiei lotuta ikusi daitezke.
Zeinu hauek bi talde nagusitan sailkatu izan dira, batetik oinarrizko formak leudeke, gehienbat puntuak eta lerro zuzenak eta kurboak ditugu; bestetik forma planoak edo itxiak dauzkagu, gehienbat hirukien eta laukien aldaerak eta borobilak. Askotan zeinuak konposizio desberdinak osatuz agertzen dira, itxura garatuagoa emanaz, ohikoa da errepikapen, errenkada eta alternantzien bidez konposizioan erritmo bat markatzea ere.
Arte eramangarriaren barruan sailkaturiko pieza askoren helburua definitzea oso zaila gertatzen da, horrek oraindik gehiago zailtzen du pieza mota horretan agertzen diren zeinuak interpretatzea.
Labar artean ere zeinuak oso ohikoak dira, ikuspegi kuantitatibo batetatik begiratuta, gehien errepikatzen den errepresentazio mota dira ideomorfoak, interpretaziorako hainbat teoria sortu dira, baina denek dituzte hutsune nabarmenak eta oso zaila da azalpen orokor bat eraikitzea.
Tradizionalki, zeinu mota bakoitza eremu kronologiko eta geografiko oso zehatzetara mugatutako fenomeno bezala identifikatu izan da, eskema orokor bat eraikitzea oso zaila gertatzen da kasu konkretuen ugaritasunaren ondorioz, baina zeinuek labar arte errepresentazioen garai kronologikoaren markatzaile on bat bezala funtzionatu dezakete.
Eskualdearen araberako zeinu moten banaketa bat ikusten da labar artean, horregatik marka horiek adierazle etniko, ikur, itun edo aliantzen seinaletzat interpretatu izan dira kasu askotan.
Gai ideomorfo bezala sailkaturiko irudiak Goi Paleolito osoan eta etengabe agertzen dira, eskualde guztietan ikusi daitezke eta beraiek burutzeko arte teknika guztiak erabili izan dira, euren banaketa aldakorra den arren.
Zeinuak edo gai ideomorfoak dira labar artean gehien errepresentatu izan direnak, baina oso anitzak dira, horren ondorioz, euren sailkapen global bat burutzea ezinezkoa gertatzen da, mailakatze geografiko eta kronologiko nahiko zehatzak burutzeko aukera ona ematen duten arren.

arazi

Leave a reply

X