Ekain: Zaldiaren labar santutegia

Ekaingo kobazuloa duela 13.000-14.000 urteko Homo sapiens-sapiens gizakiek utziriko arte altxor bikain baten gordailua da. Garai hartako gizakiak 60 animalia irudi inguru eta hainbat zeinu eta marka utzi zituen haitzulo honetan errepresentatuta. Irudi horiek modu desberdinetan landuak dira, teknika eta estilo anitzak erabiliz, eta askok maisutasun tekniko handia erakusten dute.

Haitzulo honetako irudien artean, itxura eta ezaugarri desberdinak dituzten hainbat zeinuz aparte, 34 zaldi, 11 bisonte, 5 ahuntz, 3 orein, 2 hartz, 2 arrain eta 2 errinozeronte iletsuren adierazpenak ikusi daitezke.

Bai irudi kopuruagatik, baita euren kalitateagatik ere, Ekain zaldiari eskainiriko “labar santutegi” bat kontsideratu izan da. Bertako animalia errepresentazio guztien artean, 34 zaldiari eskainiak dira, guztien erdiak baino gehiago.

André Leroi-Gourhan arkeologoak Ekain “Kuaternarioko zaldi multzorik perfektuena” bezala definitu zuen.

Zaldien irudiak kobazuloko alderdi apaindu guztietan aurki daitezke, baina animalia hau erdiguneko paneletan gailentzen da. Alderdirik zabal eta ikusteko errazenetan kokatu dituzte zaldien errepresentazioak. Animalia honek ohorezko lekua du labar “santutegi” honen barne antolamenduan.

Ekainen zaldiaren presentzia azaltzeko, labar arteari buruzko teoria bat baino gehiago erabili izan dira, baina totemismoaren teoria nahiko ongi egokitzen da Ekaingo kasura. Ekaingo kobazuloko gelarik zabalenean, forma berezia duen harkaitz bat aurkitzen da. “Santutegira” sartzen denak ikusten duen lehen forma da harkaitz hori eta zaldi baten buruaren itxura duela esan izan da.

Teoria honen arabera, duela 13.000 edo 14.000 urteko gizakiek zaldi buru bezala identifikatu zuten harkaitz hori eta horri esker, gizaki haientzat zaldia totem edo idolo moduko bat bihurtuko zen. Totem hori gurtzeko helburuarekin margotuko zituzten hainbat zaldi Ekaingo kobazuloan.

Totemismoaren teoria etnografia konparatuaren arlotik dator. Gaur egungo gizarte eskimal, ehiztari eta biltzaileen bizimoduaren ezaugarriak Paleolito garaiko gizarteetara eramanez ateratzen ditu ondorioak.

Labar artearen gaiak behin eta berriro errepikatzen dira teoria honetan eta hau izan da aurkitu zaion arazo nabarmenetakoa. Kobazulo ugari daude animalia gutxi batzuei eskainiak, horrek esan nahiko luke komunitate askok totem berdinak gurtuko lituzketela.

Bigarren arazo bat ere egotzi izan zaio teoria honi, zalantza egiten da bi giza errealitate hain anitzen arteko konparaketa bat egitea zilegi ote den, geografikoki eta kronologikoki hain urrun dauden bi errealitateren artean paralelismoak ezarri ote daitezken eta hauek noraino iritsi daitezken erabakitzeko eztabaida sakonak daude.

arazi

Leave a reply

X