Ardèche harana, Rônhe-Alpeetako eskualdean, munduko labar arte zaharrenetarikoa gordetzen duen eremu aberatsa da. Bertako Saint-Martin-d´Ardèche herrian dago Grotte des Deux Overtures, Bi Irekieradun Haitzuloa, edo Hartzen Haitzuloa izenez ezaguna.
Ardèche ibaiak sorturiko arroilaren bukaeran dago, Chauvet haitzulo ikusgarria baino beherago kokatua, estugunea bukatu eta espazio irekiagoa hasten den gunean.
Mendeetan zehar bere sarrera ingurua ardi eta artzainentzat babeslekua izan zen, baina 1980. hamarkadara arte ez zen lortu estalagmita multzo erori batek sortzen zuen blokeoa gainditzerik, momentu horretan aurkitu zen kobazuloaren alderdirik sakonenean marrazturiko labar arte multzoa.
Lehen indusketa sistematikoak 2008an burutu ziren, haitzuloaren lehen okupatzaileak leizeetako hartzak izan ziren, gero etorri ziren Neandertal gizakiak eta ondoren Homo sapiens ehiztari eta biltzaileak.
140 metro inguruko luzera du, galeria desberdinetan banatuta, labar artea alderdirik sakonenean kokatzen da. Multzoa 60 animalia irudi grabatuk eta zenbait zeinu margotuk osatzen dute, mamutak, uroak, bisonteak, basahuntz alpetarrak marraztu dira, baita hirukiak, puntu gorriak edo lerro sinpleak ere.
Irudi berezienak uroa eta basahuntzaren arteko hibrido bat dirudiena eta gizakia eta uroaren arteko hibrido bat dirudiena izan daitezke, horrelako adierazpenak ez direlako ohikoak.
Irudiak zeharka datatuak izan dira, inguruan aurkitutako ikatz zatiak (Carbono 14 teknika) eta estaltzen dituen kaltzita laginak (Uranio-Torio probak) aztertuz, emaitzek duela 29.000-28.000 urte eginak izan daitezkeela diote, Aurignac aldian, data hori Gard-Ardèche-Herault eskualdeko labar artearen kronologiarekin bat letorke.