Cussac: labar artea ehorzketa errituen parte

2000eko irailean, Marc Delluc espeleologo zaletua Le Buisson-de-Cadouin herriko kobazulo batean sartu zen, Dordoina ibaiaren adar den Bélingou ibaiaren haranean. Lekua lehendik ere ezaguna zen arren, kareharri bloke handiek barru aldera sartzea eragozten zuten, traba hori gainditu, tunel oso baxu bat gurutzatu eta 600 metro inguruko garapena duen kobazulo bat topatu zuen.

Cussac haitzuloaren sarreraren xehetasuna, Le Boisson-de-Cadouin herrian.

Sarreran ongarria ateratzeko lanak burutu ziren eta zorua irregularra da. Barruan galeria desberdinak daude, estugune askorekin. Labar irudiak erdialdean kokatzen dira, kanal zabal eta bihurri batean.

Cussac haitzuloko mamutaren xehetasuna

150 errepresentazio inguru identifikatu dira, ia denak, puntu gorri batzuk salbu, grabatuak. Bisonte eta zaldi ugari daude, baita mamutak, errinozeronteak eta basahuntzak ere. Labar artean arraroak diren animaliak ere ageri dira, adibidez antzarra izan daitekeena. Multzoa emakume irudi batek, zenbait sexu adierazpenek eta hatzekin eginiko lerro edo “macarroni” ek osatzen dute.

Irudi batzuk oso handiak dira eta harkaitzaren forma maisutasunez erabili dute, ildo sakon, zabal eta ziurrarekin eginak dira.

Duela 25.000 urte ingurukoak izan daitezke, Gravete aldikoak.

Cussac haitzuloko emakume irudiaren xehetasuna.

Quercy eskualdeko labar artearen ikuspegia osatzeko ezinbestekoa da Cussac, Lot eta Dordoina ibaien arteko lurraldeko haitzulo apainduek erakusten duten irudi koherentea osatzera dator.

Bere bereizgarri nagusia ordea, giza aztarnak dira, leku desberdinetan Homo sapiens-en gorpu aztarnak aurkitu dira, sexu eta adin anitzetako gizabanakoak. Hezur batzuen datatzeak irudien kronologiarekin bat datoz, beraz, labar artea ehorzketa erritualekin lotuta egon daitekeela planteatu da.

Honelako aurkikuntzak oso arraroak dira Europan, are gehiago Gravete aldirako, ikerketa ildo berri baten hastapena izan daiteke.

Ekainberri

Leave a reply

X