Kobaz Koba Trail mendi laisterketaren hirugarren edizioa. Lehen gizakiaren bidetik

Euskal Historiaurrera garamatzan lasterketa

Zestoa, 2018ko otsailak 18

 

Azken izoztaroan euskal mendietan bizi iraun zuten lehen euskaldunek. Elur eta izotzez estaliriko mendietan, ehiza eta fruitu bilketa ziren beraien bizimoduaren eta elikaduraren oinarria. Kobek eskainitako estalpeak bizileku moduan erabili zituzten, koba batetik besterako bideetan zehar burutzen zuten euren bizitza. Gizaki haiek aztarna asko utzi dizkigute Zestoako mendietan barrena, kobazuloek eskaintzen duten babesean. Margo paregabeak, bitxi arkeologiko ederrak, menhirra,baita eguneroko jardunerako lanabesak ere. Ekain koba, UNESCOk Gizateriaren Mundu mailako ondare izendatu zuen duen garrantziagatik.

KOBAZ KOBA TRAIL-ak, lehen gizakiaren bideetatik, iragana bizitzeko esperientzia paregabea eskaini nahi du. Gure arbasoen bide berdinetatik, historiaurretik gaurdainoko mendi lasterketa itzela, gure nortasunaren sustraietarainoko ibilbidea. Korrikalariek nahiz lagunek gure historiaz gozatzeko aukera eskainiko dugu datorren otsailaren 18an.

Zatoz euskal historia bertatik bertara bizi eta gozatzera!

Sariak:

Izen emandako guztiek opariak jasoko dituzte, izen ematearekin batera korrikalariaren poltsan barneratuta. Hortaz aparte lasterketa amaitzean sariak zozketatuko dira korrikalari guztien artean.

Proba bakoitzean lehen hiru sailkatuak ere sarituak izango dira:

> Lehen gizonezko eta emakumezko sailkatuak: txapela, kalitate labeldun euskal pdtu saskia, KOBAZ KOBA TRAIL 2019ko gonbitea.

> Bigarren gizonezko eta emakumezko sailkatuak: kalitate labeldun euskal pdtu saskia)+ KOBAZ KOBA TRAIL 2019ko gonbitea

> Hirugarren gizonezko eta emakumezko sailkatuak: kalitate labeldun euskal pdtu saskia + KOBAZ KOBA TRAIL 2019ko gonbitea

> Lehenengo zestoar gizonezko eta emakumezkoentzako  sari berezia

> Naturalki minimal runner saria (barefoota praktikatzen dutenentzat):

Zaldei bidea (25km) lehen sailkatua gizonezko eta emakumezkoa: 200,00 euroko baliodun produktu lotea www.naturalki.com  denda on linean

Artzei bidea (13km) lehen sailkatua gizonezko eta emakumezkoa: 100,00 euroko baliodun produktu lotea www.naturalki.com  denda on linean

 

ZALDEI bidea eta ARTZEI bidea

KOBAZ KOBA TRAIL bi probaz osatua dago: Artzei bidea (13km) eta Zaldei bidea (25km). Ibilbide osoak “8” baten forma hartzen du, Zestoako herria erdian dela. Zestoako lurretan, azken izotz aroan, Paleolitoaren amaieran, lehen gizakiak bizi izandako hainbat koba aurkitzen dira, non gizaki haien aztarna material ugari eta labar arte ikusgarria aurkitu diren. Lasterketaren ibilbidea berauetatik igarotzen da, kobaz-koba lehen gizakienak izan zitezkeen bideak jarraituaz,

Artzei bidea eta Zaldei bidea Ekain kobazuloan (Ekain koba, 2008an UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatua) aurkitzen diren eta izen berbera duten bi galerien omenez izendatu ditugu. Artzei, Izotz Aroan Zestoa inguruko leizeetan bizi ziren hartz haien omenez, eta Zaldei,  zaldien erresistentzia eta edertasuna aintzat hartuaz.

 

KOBAZ KOBA TRAIL Arazi (www.arazi.eus) eta Agiro Mendi Klubaren lankidetzaren fruitu da.

Agiro Mendi Kluba, Zestoako mendizaleek osaturiko talde bat da, herritarrengan mendizaletasuna sustatzeko eta afizio honetaz gozatzeko osaturiko elkartea. Arazi, kultura eta turismoaren kudeaketa arloko enpresa da, beste hainbat konturen artean Ekainberri kudeatzen duena.

Arazi eta Agiro Mendi Klubaren bideak elkar gurutzatzea naturala izan da: batak Ekainberriko ondarea ezagutzera ematea eta gizarteratzea du helburutzat; besteak berriz mendizaletasunaren bidez Zestoarrek beraien inguruak, paisaiak eta ondarea ezagutu eta babestea sustatzen du.

Modu honetan, eta lankidetza honen fruitu moduan, sortu zen KOBAZ KOBA TRAIL antolatzeko asmoa, mendizaletasuna eta ondarea batzen dituen kirol ekitaldia antolatzeko asmoa, bisitariek eta bertakoek gozatu zezaten Zestoataz, bere mendi eta ondare paregabeaz. Horixe da KOBAZ KOBA TRAIL-ak izan nahi duena, izpiritua eta nahia, balore eder hauek sustatzen dituen ekitaldi bat sortzea: kirola, bizitza osasuntsua, ondarearen gizarteratzea, geure historiaz modu osasungarrian gozatuz, elkarrekin kirola eginez eta elkarrekin eginez.

Hala ere, proba honek aurrera jotzeko ezinbestekoa izan da eta ezingo litzateke posible izan, herritarren, Udalaren eta babesleen laguntzarik gabe. KOBAZ KOBA TRAIL ideia bat besterik ez zenean iritzi baikorrak eta laguntza eskaini zigutenak dira, ideia eta ilusio hau errealitate bihurtzeko bidean, herritarren inplikazioa ezinbestekoa izan da, boluntarioen lanagatik izan ez balitz ez baitzen posible izango horrelako ekitaldi bat aurrera eramatea eta KOBAZ KOBA TRAIL ere beraiegatik da posible.

Zestoako Udala eta bertako kideak ere hasieratik egon dira probaren antolaketarekin lankidetzan eta lasterketa posible izatea erraztu dute. Udalerri txikia izanik ezinbestekoa da denok elkarrekin aurrera egitea orain arte bezala, eta hau da gure sekreturik preziatuena, elkarlana.

 

Azkenik lasterketa honetarako baliabideak lortzeko bidean babesleen laguntza ere ezinbestekoa izan da, beraiek lagundu bait dute beharrezkoak diren bitartekoak lortzeko finantziazioa eskainiz.

Eta azkenerako ezinbestekoak, zuentzako egiten baitugu hau guztia, bide zidorretan barrena gure mendiak zeharkatzen dituzuen kirolariok, eskerrik asko gure lana eskertzeagatik zuen izerdiarekin eta gurekin izateagatik.

Gora zuek! Zuek guztiok zarete KOBAZ KOBA TRAIL.

OHARRA:

Lasterketa ikusiz gozatu nahi duten bisitariei, lasterketaren puntu hauek gomendatzen dizkiegu:

  • Aizarna: askoentzat herrixka ezezaguna, xarmaz betea. Terreno laua izaki, korrikalariak azkar pasako dira
  • Santa Engrazia: agian lasterketako punturik ikusgarriena. Korrikalariak aldapan gora ikusteko leku paregabea.
  • Endoia: azken malda gogorra. Korrikalariak sufritzen ikusteko lekua.
Ekainberri

Leave a reply

X