Gabillou: Dordoinako aztien kobazuloa

Gabillou Dordoinako eskualdean dago, Isle haranean kokatzen da, Mussidan komunatik gertu. Labar artea 1941ean aurkitu zen, etxe pribatu batetarako biltegi bat eraikitzen ari zirela. Erdi Arotik emandako erabileraren ondorioz, kobazuloaren sarrera partea erabat suntsituta gelditu zen eta biltegi horrek bertara sartzea eragozten du.

1955an haitzuloa Jean Gaussen doktoreak erosi zuen. Urtean hiru edo lau bisita egiten dira bertara.

Zaldi grabatu eta gorriz margotuak Gabilloun

30 metro inguruko luzera duen pasabide kobazulo bat da, areto txiki modukoak zabaltzen dira, 50-60 zentimetrotako altuera dutenak, marrazkiak horietako hormetan eta sabaietan daude.

Gabillouko “aztiaren” ikuspegia

Bertako irudiak grabatuak dira, okre gorriaren aztarnak eta mantxa beltzak ere agertzen diren arren. 200 iruditik gora errepresentazio identifikatu dira, badaude zaldi mota desberdinak, uroak, bisonteak, elur-oreinak, mamutak, basahuntzak, katukiak, hartzak, erbiak, zehaztu gabeko hainbat animalia eta zeinuak.

Gabillouko “aztiaren” irudi azpimarratua

Gabillouren elementu bereizgarria ordea, giza irudiak izan daitezke, batez ere Paleolitoko labar artean oso gai arraroa delako. Lau giza iruditaraino identifikatu dira, baina ikusgarrienak “Gabillouko aztia” eta ”anorakarekiko emakumea” dira.

“Aztia” 25 zentimetroko altuera duen irudi bat da, antropomorfo bezala identifikatzen duten zangoak eta enborra ditu, buruan adarrak eta bizarra, bisonte baten itxura emanaz. Horrelako irudiak erritual bat egiteko animalien izpirituez baliatzen diren azti edo xaman moduan identifikatu izan dira.

“Anorakarekiko emakumea” berriz, txamarra eta txano moduko batez estalita agertzen den emakume irudi grabatua da.

Irudien datari buruzko teoriak aldatzen joan diren arren, duela 22.000-17.000 urtekoak izan daitezke, Solutre aldikoak edo Madeleine aldiaren hasierakoak.

Ekainberri

Leave a reply

X