«Aurpegiaren kobazuloa» deiturikoa Vilhonneur komunan aurkitzen da, Charente departamenduan, Frantzia mendebaldeko Angoulême hiritik gertu. Izen hori jarri zitzaion bertatik oso gertu kokatzen den Placard haitzulo apaindutik bereizte aldera.
Kobazuloa oso aspalditik ezagutzen den arren, giza aztarnak eta labar artea 2005eko abenduan aurkitu zituzten, jabearen baimenarekin bertan ikerketak burutzen ari ziren bi espeleologok egin zuten aurkikuntza.
Bertan duela 28.000 urte ingurukoak izan daitezkeen bost hienen hezurdurak eta duela 27.000 urte inguruko giza hezur batzuk aurkitu dira, tartean masailezurrik gabeko garezur bat, argi eta garbi norbaitek bertan utzia.
Irudien artean, zeinu margotuak dira nagusi,ikatzez eginak, batez ere puntuak eta marrak, bada zeharkako esku beltz bat ere, agian atzamar lodiaren bikoizketarekin. Posible da animalien irudiak osatzeko harriaren formak erabili izana, zaldiak, katukiak, hartzak edo elur-oreinak identifikatu izan dira.
Irudirik esanguratsuena, kobazuloari izena ematen diona, harkaitzaren formak aprobetxatuz eta ikatzarekin eginiko giza aurpegi bat da. Bi kaltzita zati apurtuk ilea adieraziko lukete, bi marra horizontal beltzek begiak, marra bertikal lodi batek sudurra eta marra horizontal batek ahoa.
Zenbait ikerlarik aurpegi marraztua giza lurperatzearekin lotuta egon daitekeela uste du, aurkitutako garezurra pertsonaia konkreturen batena izan eta erritual jakin bat jarraituz lurperatu zutela.
Estilo irizpidea jarraituz, irudiak duela 27.000 urte inguruan kokatu izan dira, Gravete aldian, hori giza hezurrekin buruturiko datatzeekin bat letorkeen data da.
Jabego pribatua da eta sarrera oso mugatua, urtean zehar jabeak antolaturiko bisita gutxi batzuetara mugatzen da.