Iritsi da Euskal Kostaldeko Museoen hilabetea!

 

Urtero bezala, martxoa Euskal Kostaldeko Museoen hilabetea izango da. Sare hau osatzen duten euskal museo eta interpretazio zentruek 200 jarduera desberdin baino gehiago programatu dituzte martxoan zehar burutzeko.

Azken urteetako bideari jarraituz, Ekainberri ere ekimen honetara bildu da eta martxoaren 18an ekintza oso berezi bat burutuko dugu: Danbolinzulo haitzulora bisita gidatua antolatu da.

Danbolinzulo Ertxiña mendiaren magalean aurkitzen da, iristeko benetan deserosoa den leku batean, oso espazio gutxi du eta bertara sartzeko aukera benetan mugatua da segurtasun baldintzengatik ere.

Kobazuloa bera aspalditik ezaguna den arren, eta 1980. hamarkadaren hasieran ikerlariak bertan ibili ziren arren, bertako irudiak 2014ko abenduan aurkitu ziren. Eguzkiaren argia ia kobazuloko txoko guztietara iristen denez, irudiak oso kaltetuta zeuden eta begi hutsez ikustea oso konplikatua da.

Danbolinzulora bisita martxoak 18 astelehenean burutuko da, goizez, 10 pertsonatara mugatuko da eta parte hartzeko izena Zestoako Turismo Bulegoan (Portale kalea 1, 20740 Zestoa) eman behar da, pertsonan, ezinbestekoa da bisita egin nahi duen pertsona bulego horretara fisikoki joatea.

Izen ematea otsailaren 26an zabalduko da eta 10 lekuak bete arte egin ahal izango da, Zestoako Turismo bulegoan eta beti pertsonan. Azken eguna martxoak 17 igandea izango da. Bulegoko ordutegia asteartetik igandera da, 9:30-13:30 eta 15:00-17:30.

Bisitarako ezinbestekoa da oinetako egokiak eramatea eta baldintza fisiko onean egotea, sarbideak zailtasunak sor ditzake eta ez dago publiko ororentzat egokitua.

Danbolinzulora bisita oso esklusiboa da, horretarako oso aukera gutxi gertatzen dira eta 10 pertsonako taldea izango da gehienez ere.

 

 

Ekainberri

Leave a reply

X