Cueva de los Marranos: Lamason haranean zehar

Cueva de los Marranos izeneko haitzuloa Venta de Fresneda auzoan kokatzen da, Kantabriako Lamason udalerrian. Inguruko mendietan hainbat kobazulo aurki daitezke, beraietakoren batzuk labar artedunak.

1950eko hamarkadan, Kantabriako Diputazioko bidezainek Lamason edo Tanea deituriko ibaitik gertu kobazulo bat aurkitu zuten eta bertan Goi Paleolito garaiko aztarnak.

Cueva de los Marranos dagoen lekuaren ikuspegia.

Lamason ibaiaren mailatik gertu kokatzen da, itsas mailarekiko 160 metro inguruko garaieran, bertaraino bidezidor batetik iristen da. Haitzulo ia fosil bat da, uholde garaietan uren irteera gune bezala funtzionatzen duena.

Kobazuloak bi sarrera ditu, eskuinekoa da nagusia. 320 metro inguruko garapena du bere galerietan. Atari zabal bat dauka, bertako indusketetan harrizko tresna ugari aurkitu dira. Atari horretatik goranzko galeria txiki bat abiatzen da, bigarren sarrerarekin lotura duena, hor kokatzen da Los Marranos haitzuloko labar artea.

Atarian Goi Paleolitoan eginiko harrizko tresneria ugari aurkitu da, batez ere kuartzitan burutua. Gerriko baten pieza ere aurkitu da bertan, brontzezkoa da, XV. edo XVI. mendekoa izan daiteke, agian Erdi Aroko momenturen batean ibai ertzean kokaturiko haitzulo hau bidaiarien babeslekua izan zen.

Cueva de los Marranos-en irudia barrutik.
Cueva de los Marranos-eko margo gorriaren xehetasuna.

Bertako labar irudiak batez ere margo gorriak dira, irudi grabatu ez figuratibo batzuk ere badauden arren. Margo gorriak nahiko galduak eta hondatuak daude, agian elementu atmosferikoen ekintzaren eraginez. Lau hankako animalien irudi figuratiboak eta zeinuak izan daitezke.

Irudiak Goi Paleolitoaren garai zaharretakoak izan daitezke, duela 20.000 edo 17.000 urte artean eginak, Solutre aldian.

2000 urteko legeak Kultur Interesdun Ondasun izendatu zuen, bere jabea Kantabriako Gobernua da eta kobazuloa publikoarentzat itxita dago.

Ekainberri

Leave a reply

X