Cueva El Portillo lau sekzio desberdinek osaturiko haitzulo multzo bat da, El Portillo I, II, III eta IV kobazuloek osatua. Kantabriako Ruiloba herrian aurkitzen da, bertako Casasola auzoan. Kostaldetik oso gertu dago, itsas mailarekiko 40 metro inguruko altueran.
El Portillo I 1979an aurkitu zen eta 1982an katalogatu. Denboran zehar burutu diren ikerketa desberdinetan Musteriar aldiko (duela 250.000-40.000 urte inguru) eta Goi Paleolitoko (40.000-9.000 urte inguru) aztarnak aurkitu dira, baita Neolitoko okupazio elementuak ere.
Ibilbide osoan itsas moluskuen hainbat maskor aurkitu dira, kasu batzuetan haitzuloko sabaietan edo hormetan itsatsita. Agian itsas baliabideen ustiakuntzaren lekuko izan daitezke.
Labar artea multzoko kobazulo desberdinetan aurkitu da eta beraien datatzeei buruzko eztabaidak izan dira, Paleolito garaikoak ote diren zalantzak izan dira, baina badirudi aro horren garai berrienetakoak izan daitezkeela.
El Portillo Iean disko gorri bakar bat aurkitu da, okrez egina, beste mantxa bat ere giza jatorrikoa izan daiteke. El Portillo II bere ezkerretara dago eta oso estua da, bertan suharria, zeramika zatiak eta maskortegi bat aurkitu dira.
El Portillo III El Portillo Iaren azpiko mailan dago, bi ahodun haitzulo bat da eta margo beltzaren aztarnak aurkitu dira bertan, bi puntu eta marra oker bat, bere jatorrizkotasuna oso zalantzagarria den arren.
Portillo IV sarrera oso txikia duen kobazulo bat da, bertan pikotx txiki bat, zenbait maskor eta marra eskematiko-abstraktu, marka eta erlaitzean puntudun zenbait panel aurkitu dira.
Labar artearen ezaugarriek beraiek euren datatzea nabarmen zailtzen dute, baina El Portillo multzoan aurkitu diren adierazpenak Goi Paleolitoaren oso bukaerakoa edo Neolitoaren oso hasierakoa izan daitezke.