Los Pendios: Kantabriako labar arterik zaharrenetakoa

Kantabriako eskualdea oso aberatsa da labar arte adierazpenei dagokionez, lurraldean zehar apaindutako kobazulo asko aurkitu dira eta ikerlariak aztarna gehiagoren bila jarraitzen dute.

Azken urteetan Rionansa udalerriaren mugetan zenbait aurkikuntza burutu dira, horietako batzuk gainera, bertako Celis auzoan. Kasu gehienetan labar arte multzo txikiak dira, baina “santutegi” handiek ematen duten ikuspegia osatzen laguntzen dute.

Los Pendios haitzuloa Rioseco errekaren bailaratxoaren ertzean kokatzen da, Nansa ibaiarekin elkargunetik gertu. Kultur Interesdun Ondare izendatua izan zen 2000eko legearen bitartez.

Los Pendios haitzuloaren barrualdearen irudia, Kantabrian.

117 metro inguruko garapena duen kobazulo bat da, aho ertainduna, 1 metro inguruko altuerarekin eta 5,8 metro inguruko zabalerarekin. Atondo luze eta baxu bat du, 16,50 metro inguruko luzera eta 6 metro inguruko zabalerarekin, bertatik zenbait galeria txiki abiatzen dira, ezkerrera eta eskuinera.

Puntuekin buruturiko zeinu gorriaren xehetasuna, Los Pendios, Kantabria.

Atondoan zehar, azalean, hezur printzak, bi lapa maskor eta harri kristal zati bat topatu dira, barrurago hezur printza gehiago. Kobazuloan animalia haragijaleen jardueraren aztarnak aurkitu dira, horrek haitzuloko materialen kontserbazio egoeran bere eragina izan du.

Horrez gain, zenbait pintada garaikide ere badaude, badirudi kobazuloa garai nahiko berrietan babesleku moduan erabilia izan zela, agian Espainiako Gerra Zibilaren garaian.

Eskuineko aldera irteten duen galeriako ezker  horman margodun panel txiki bat dago, kontserbazio egoera nahiko kaskarrean. Margo gorriak eta beltzak daude.

Lehen irudia mantxa gorri bat da, oso argia, tamaina onekoa. Bere inguruan marra beltz batzuk ere badaude, nahiko ezabatuak.

Irudi hauek duela 28.000-22.000 urte bitartekoa izan daitezke, Gravete aldian zehar eginak.

Ekainberri

Leave a reply

X