Cueva La Meaza: Solutre aldiko labar adierazpenak

Cueva de La Meaza haitzuloa Kantabriako Comillas herrian dago, bertako Ruiseñada auzoan, Cabezón de la Saletik Comillaserako errepidetik gertu.

Gaur egun baso itxi batean dago, baina Goi Paleolitoan paisaia erabat desberdina izango zen, landaredia askoz urriagoa izango zen Izotz Aroaren ondorioz.

Cueva de La Meazaren inguruaren ikuspegia, Ruiseñeda auzoan, Comillas (Kantabria).

Aho handia du, hego mendebalderantz orientatua, posible da Historiaurrean bisera bat edukitzea eta hau gerora erori izana. Hortik beherantz doan atalondo zabal bat du eta blokeek kolapsaturiko areto handi batean bukatzen da. Areto horrek 59 metro inguruko luzera, 42 metroko zabalera eta 10 metro inguruko altuera ditu.

Okre gorriz margotutako zeinuaren xehetasuna, Cueva de La Meazan, Comillas, Kantabria.

1907an aurkitu zuen Hermilio Alcalde del Río arkeologo entzutetsuak, Kantabriako kobazulo asko aurkitu eta aztertu zituen pertsona izan zen bera. Bertako indusketak 1940. hamarkadan zehar burutu ziren, beraietan Goi Paleolitoko, Azil aldiko eta Mesolitoko okupazio aztarnak aurkitu dira, baita Kalkolito edo Brontze Aroko lurperatzeak eta Erdi Aroko zenbait aztarna ere.

Kobaren ezkerreko aldea eta eskuinekoa erabat desberdinak dira, ezkerrera eguzkiaren argia iristen da eta aztarna arkeologiko gehienak bertan pilatzen dira, eskuina ilunpean geratzen da eta bertan daude labar arte adierazpen gehienak.

Labar artea XX. mendearen bukaera aldera aurkitu zen, irudiak nahiko kontserbazio egoera kaskarrean aurkitzen dira, euren artean puntu gorriekin egindako forma geometriko kakotuarekiko zeinu bat, puntu gorri pare bat eta interpretatzen zailak diren grabatudun panel bat daude, baita suge formako beste zeinu bat eta hainbat mantxa gorri oso galdu ere.

Irudiak Solutre aldikotzat jo ohi dira, duela 18.000 urte eginak izan daitezke. Haitzuloa Kantabriako Gobernuaren jabegokoa da eta publikoarentzat itxita dago.

Ekainberri

Leave a reply

X