Cueva de Las Aguas: Kantabriako ondare ezezagunenaren artean

Cueva de Las Aguas Kantabriako Novalesen dago, Alfoz de Lloredo udalerrian, gaur egun eukalipto sail batek inguratzen du. Altamirako haitzulotik gertu dagoenez (6 kilometro lerro zuzenean), bi haitzuloetako aztarnak elkarrekin lotura izan dezaketela pentsatzen da. Publikoarentzat itxita dago.

Harpe erraldoi baten barruan dago, sarrera ipar ekialderantz orientatua du, galerietarako sarrera pasabide estu batetik egin behar da. Estalagmita kolada fosil batean du bukaera.

Cueva de Las Aguas haitzuloaren sarreraren xehetasuna, Alfoz de Lloredo (Cantabria).

Haitzuloa 1909an aurkitu zuen Hermilio Alcalde del Río arkeologoak. Kantabriako Diputazioko bidegileek egindako laginetan Solutre eta Madeleine aldikoak (duela 18.000-14.000 urte) izan daitezkeen hainbat aztarna aurkitu zituzten, baita Brontze Aroko zeramikak ere.

Labar artea barneko galerian kokatzen da, ziurrenik garai desberdinetan eginiko multzoak daude bertan. Ezker horman margo gorriak daude, puntuaketak, laukizuzen formako zeinu zalantzagarri bat eta zenbait mantxa aurkitzen dira.

Eskuineko hormako bihurgune txiki batean tinta lau gorriz eginiko bi bisonte ikusi daitezke, burua zizelatua dutenak, orein eme baten buru grabatua, parrila moduko zeinu gorri bat, klabiforme bat eta zenbait lerro gorri, inguruetan zenbait mantxa gorri eta more ere ikusi daitezke.

Parrila motako zeinu gorria Cueva de Las Aguas haitzuloan, Alfoz de Lloredo (Cantabria).

 

Kobazuloko apaindurarik berezienetako bat fosildutako maskor baten barruan kokaturik dago, grabatu ildaskaturekin eginiko orein eme baten burua, zaldi baten buru grabatua, mantxa gorriak eta grabatu lineal ez figuratiboak ageri dira.

Arte eramangarri pieza batzuk ere aurkitu dira, besteak beste hezurrean landutako zaldi buru baten ingerada ebakia eta pieza diskoidal bat.

Irudiak duela 18.000 eta 14.000 urte bitartean eginak izan daitezke, Solutre aldian eta Madeleine aldian zehar.

Ekainberri

Leave a reply

X