Antzerkia Ondarearen Europar Jardunaldiak ospatzeko

Ekainberrik ospakizun ekitaldiekin jarraitzen du, Ekain kobaren 50. urteurrenean. Urriaren 9an Labar Artearen Europako Eguna ospatu zen eta urriaren 18 eta 19an, Ondarearen Europako Jardunaldien barne hainbat jarduera daude antolatuta, AMA-ALU-LUR (sorgin baten ametsak) antzezlanaren emanaldia tarteko

50 urte joan dira 1969ko ekainaren 8an Azpeitiko Antxieta kultur taldeko Andoni Albizuri eta Rafael Rezabalek Ekain kobazuloa topatu zutenetik. Ekainberrik 2019 osoa darama Paleolitoko labar-margo ikusgarri hauen aurkikuntza ospatzeko ekitaldietan murgilduta dago.

AMA-ALU-LUR (sorgin baten ametsak) antzezlana

Pasa diren urriak 7 eta 8an Ekainberrik Ice Age Europe nazioarteko sarearen urteko biltzarrean parte hartu zuen, Liegetik  (Belgika) gertu dagoen Préhistomuseum harreragile zela. Ekainberrik nazioarteko PRAT-CARP (Prehistoric Rock Art Trails-Caminos de Arte Rupestre Prehistórico) sareak urriaren 9an antolaturiko Labar Artearen Europako Egunarekin bat egin zuen, egun horretan Ekainberri bisitatu zuten eskola-taldeek oparitxo bat izan zuten.

Urriko ospakizun nagusia antzerki emanaldi bat izango da, Intujai Teatro konpainiaren AMA-ALU-LUR (sorgin baten ametsak) lanaren emanaldia hilaren 18an izango da,  arratsaldeko 7tan Zestoako Kultur Etxean (Axun Arrazola Plaza 1), eta doan.

Ekimen hau Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako Ondarearen Europako Jardunaldien testuinguruan kokatzen da, Ekainberrik Zestoako Udalaren laguntzarekin antolatu du. Aurtengo Ondarearen Europako Jardunaldien gaia artea eta aisialdia da eta leloa “Ondarea Plazara!”

Donostia Kultura 2019ko Poltsiko Antzerki Sorkuntza Saria irabazi duen antzezlan monografiko bat da: bi espeleologo-arkeologok harri eta zur utziko dituen Paleolito garaiko irudi bitxi bat topatzen dute kobazulo batetan eta aurkikuntzak galdera asko planteatzen dizkie.

Antzerkia ikustera joan nahi duen orok gonbidapenak hartzera gerturatu beharko du Zestoako Turismo Informazio Puntura (Portale kalea 1), plazak mugatuak izango direlako. Gehienez 4 gonbidapen pertsonako.

Lili Jauregian ere, urriaren 19an egongo diren bisita teatralizatuen paseak doan eskainiko dira 11:30, 12:30, 16:30 eta 17:30tan. Honetarako ere, Ekainberri eta Lili Jauregiko Zestoako sarrera salmenta bulegoan  (Portale kalea 1, edo 943868811 zenbakira deituta) erreserba egin beharko da, plazak mugatuak direlako.

Ekainberri

Leave a reply

X