Cualventi: Kantabriako haitzulo ezezaguna

Cualventi haitzuloa Kantabrian dago, Perelada auzoan (Oreña, Alfoz de Lloredo). Dolina sakon baten beheko aldean dago, mendebaldera orientaturiko harpe handi batek hiru solairutan antolaturiko galeria multzo batera sartzeko bidea egiten du. 1 kilometro inguruko garapena du.
1870 inguruan berari buruzko albisteak badaude, baina lehen ikerketak Kantabriako Diputazioko bidezainek egin zituzten 1950. hamarkadan. Lehen indusketak 1976an burutu ziren, Lurraldeko Museoko lan talde baten eskutik.
4 metro baino gehiagoko potentzia duen aztarnategi arkeologiko bat du, Behe, Erdi eta Goi Paleolitoko aztarnekin, badira Historiaurre berriagoari dagozkionak ere.

Cualventi harpearen sarreraren xehetasuna Oreñan (Kantabria)

Bertako labar artea XX. mendearen bukaera aldera aurkitu zen eta 2003an egiazkotasuna baieztatu. Irudiak harpearen barruan dagoen kobazulotxoan aurkitu ziren. Garai batean eremu hori galerien lehen solairuarekin komunikaturik zegoen, ahoa Behe Madeleine aldiko mailaren altueran dago eta noizbait zigilatuta gelditu zen.

Cualventiko margo gorrien xehetasuna.

Irudiak bi multzo kronologikotan sailkatzen dira. Lehenengoa margo gorri multzo garrantzitsu bat da, tanpoi teknika eta tinta laua erabili zituzten oreinak, ahuntzak, zaldiak eta bisonte handi bat margotzeko. Bigarren multzoa horma-hobi txiki batean aurkitzen diren sei irudi grabatuk osatzen dute, orein eme baten burua, hiru basahuntz, lauhankako baten atzeko partea eta lepo-bizkar lerro isolatu bat ageri dira.

Cualventi kobazuloko irudietako batzuen xehetasuna

Margo gorriak Gravete aldikoak edo Solutre aldiaren hasierakoak izan daitezke, duela 25.000-20.000 urte ingurukoak, irudi grabatuak berriz, Behe Madeleine aldikoak, duela 17.000 urte ingurukoak.
Interes Kulturalarekiko Ondarea da 1985etik eta publikoarentzat itxita dago, sartzeko Kantabriako Gobernuaren baimena behar da.

Ekainberri

Leave a reply

X