Ekainberrik Rock Art Network (RAN) sarearen III mahai inguruan parte hartu zuten adituen bisita hartu zuen

Rock Art Network (RAN) sarea Getty Conservation Institute erakundearen ekimenez sortutako lan sare bat da eta alor desberdinetako 33 profesionalek osatzen dute, guztiak labar artearen arloan aritzen direnak eta Ozeaniako, Amerikako, Europako eta Asiako hainbat herrialdeetatik datozenak. Aurten sarearen hirugarren mahai ingurua ospatu da.

Sarearen helburu nagusia talde lanean aritzea da, labar artearen balioa ikustarazteko eta bere hauskortasunagatik ordezkaezina den altxor kultural berdingabe bezala ezagutzera ematea. Sarearen oinarria 2005etik Afrika eta Australian eginiko tailerretan garatu duten lanari esker sortutako lau zutabeak dira : kontzientziazio publiko eta politikoa, kudeaketa sistema eraginkorrak, kontserbazio fisiko eta kulturala eta komunitateen parte-hartzea.

Sarearen inguruko informazio gehiago izateko: www.bradshawfoundation.com/rockartnetwork

Sarearen mundu mailako III mahai inguru honen antolatzailea Altamira Museoa (Kantabria)  izan da, aurtengo gaia labar artearen kontserbaziorako tresna gisa erreprodukzioen erabilera izan da.

Labar artearen gaiak lantzen dituen talde multidisziplinarra da, mundu osoko eta arlo desberdinetako 26 espezialista gerturatu ziren Zestoara urriaren 21ean. Ekain Fundazioko ordezkariak ongietorria eman zieten eta Ekainberriko erreplika eta Euskal Herriko Labar Artearen Erakusketa bisitatu zituzten, “egonaldi arrakastatsu” batean.

Rock Art Network lansarearen III mahai inguruan partehartzaileen bisitako familia argazkia

Ekain kobatik 600 metrora dagoen Ekainberriren ibilbide onaren erakusle, pasa den urriaren 21n, labar artearen ikerketan eta zabalkundean lanean diharduten mundu osoko 13 herrialde desberdinetatik zetozen maila goreneko 26 ikerlari izan ziren Zestoan.

Chauvet eta Lascaux (Frantzia) koben erreprodukzioetan, Altamirako Neokoban (Kantabria) eta El Castillo y las Monedas (Kantabria) kobetan bisita teknikoak egin ostean, urriaren 21ean Ekainberri izan zuten jomuga.

Ekainberriko ordezkariek Zestoan jaso zituzten bisitariak eta oinez elkar egin zuten bidea Ekainberriraino. Bertan taldeari ongietorria emateko zain zeuden Maria Jose Telleria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Saileko Zuzendaria eta Ekain Fundazioko idazkaria, Carlos Olaetxea Gordailuako (Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa) zuzendaria  eta Juanjo Aramburu, Ekainberriko kudeatzailea.

Jarraian Ekainberriko proiektuaren garrantzia ulertzeko parada izan zuten. Erreplika bisitatu ahal izan zuten bertako lantaldearen eskutik, Ekaingo ondarea eta beraien interesa pizten zuten erreplikaren ezaugarriak bertatik bertara ezagutuz. Jarraian, Ekainberrin bertan, Euskal Herriko Labar Artearen erakusketa bisitatu ahal izan zuten  eta gure lurraldea labar artean zein emankorra izan den ezagutu.

Ekainberriko lan taldea Rock Art Network (RAN) sarearekin harremanetan jarraitu du bisitak sortutako inpresioak jasotzeko. Besteak beste, taldeak bereziki ondo baloratu zituen erreplikak bisitariari eskaintzen dion sentsazioen esperientzia: isiltasuna, argiztapena eta sonorizazioa. Zestoatik Ekainberrira oinez egin behar den ibilbideak ere aipamen berezia izan zuen, erreplika kokatuta dagoen ingurunearen garrantzia ulertzen laguntzen duelako.

Lau kontinentetatik iritsitako ikerlari, irakasle, kudeatzaile edo zinema ekoizleak izan ziren bisitarien artean.

Ikerlari hauen bisitaren ostean Ekainberrik harremanetan jarraitu du talde honetako zeinbait kiderekin eta abenduaren 3an Ekainberri bisitatzeko beste hitzordu bat itxi zen. Kasu honetan Errusiako Ural mendilerroan (Shulgan Tash natura-erreserban) kokatua dagoen Kapova haitzuloaren edukia musealizatzeko proiektuan lanean diharduen lantaldea izan zen Zestoara hurbildu zena. Errusian garatu nahi duten proiektuan lagungarri izateko, Ekainberriko erreplika eredutzat hartu nahi dute  eta bere ezaugarriak aztertu. Kapova koba 1950. urtean aurkitu zen eta Otto B. Bader arkeologoak ikertu zuen. Madeleine Aroko margoak gordetzen ditu eta bere aurkikuntza oso garrantzitsua izan zen, Iberiar Penintsulatik, Italiatik eta Frantziatik kanpo aurkitu zen Paleolitoko labar artedun lehen kobazuloa izan zelako.

Ekainberri 2008an zabaldu zenetik, ibilbide oparoa izan du urteetan garatu zen proiektuak. Argi geratu da koba originala publikoari ixtea erabaki zuzena izan zela hasieratik, Ekain kobak gordetzen dituen duela 14.000 urteko labar margoen ondarea kontserbatzeko. Gainera, Munduko Ondare izendatu zen Ekain kobaren ondarearen zabalkunderako tresna izango zen erreplika bat egitearen proiektuaren arrakasta berresten dute, ez Ekainberriren bisitari kopuruak bakarrik (360.000 bisitaritik gora zabaldu zenetik gaurdaino), baita Rock Art Network (RAN) sarea bezalako kideen bisitak ere. Honek, Ekainberri historiaurreko  museoen eta errepliken mundu mailako gorengo mailan kokatzen du, Altamira, Lascaux eta Chauvetekin batera.

Ekainberri bisitatzeko erreserba egin behar da, sarrerak online erosiz www.ekainberri.eus helbidean,  943 86 88 11 telefono zenbakira deituta,  info@ekainberri.com helbide elektronikora mezu bitartez edo Zestoako herrigunean kokatzen den informazio eta sarrera salmenta bulegora hurbilduz.

Irekiera ordutegia:

Asteartetik igandera 10:00-18:00.

Larunbat, igande eta jaiegunetan 10:00-19:00.

 

 

Ekainberri

Leave a reply

X