La Estación: buztinean eginiko labar artea

La Estación haitzuloa Kantabriako Santa Isabel de Quijas herrian dago, Reocin udalerrian, Saja ibaiaren ertzean altxatzen den kareharrizko muino baten oinarrian, herriko tren geltokiaren atzeko partean. La Clotilde edo La Lora haitzuloa aurkitzen den sistema karstiko berdinaren parte da, uren irtengune fosil bat.
Bertan ez dago aztarnategi arkeologikorik, eguneroko bizimoduaren seinalerik ez da aurkitu eta ez dirudi Paleolito garaian bizileku moduan erabili zutenik, agian momentu hartan bertako ur maila gaur egungoa baino altuagoa zelako.

La Estación haitzuloko sabaia, Santa Isabel de Quijasen, macarroni teknikaren bidez eginiko labar arte irudiarekin

1997tik Kultur Interesdun Ondare izendapena du eta publiko orokorrarentzat itxita dago, bertan sartzeko Kantabriako Gobernuaren baimena behar da.
Tamainaz ez da oso handia, horma buztintsuak ditu eta elkarrekin gurutzatzen diren galeria zuzenek osatzen dute. Sarreratik 120 metro ingurutara, bi galeria elkartzean sortzen den zabalgune batean, sabaiko buztin bigunean atzamarrekin eginiko labar artelanak aurkitu dira.

La Estación haitzuloan, Kantabrian, sabaiko buztin bigunean atzamarrekin eginiko irudia edo macarronia

Bertako labar artea 1980. hamarkadaren erdialdean aurkitu zen, gehienbat bi galerien elkartzeak sorturiko zabalgune batean pilatzen da, sabai buztintsu batean.
Macarroni” teknikaren bidez marrazturiko bederatzi irudi identifikatu dira, buztin bigunean hatzekin eginiko grabatuak, zaldi bat izan daitekeena, zenbait zeinu eta interpretatzen zailak diren irudi ez figuratibo batzuk, Goi Paleolitoaren garairik zaharrenetan eginak izan daitezkeenak.

La Estación haitzuloko galeriaren xehetasuna, Santa Isabel de Quijasen, Kantabria

Irudiak Aurignac aldiaren bukaerakoak edo Gravete aldikoak izan daitezke, duela 28.000-23.000 urte inguru eginak, horrela balitz, bertatik oso gertu dagoen La Clotilde haitzuloko irudien garai berdintsukoak lirateke, gaiek eta “macarroni” teknikaren erabilerak bi kobazuloetako irudien arteko lotura adierazi dezakete.

Ekainberri

Leave a reply

X