Sovilla: Madeleine aldiko altxor galdua

Sovilla haitzuloa Kantabriako San Felices de Buelna udalerrian dago, Sovilla auzoan, Dobra mendiaren hegoaldeko magal malkartsuan. Itsasmailaren gainetik 85 metroko altueran kokatzen da, kostaldetik 18 kilometro ingurura, leku estrategiko batean, Buelna haran zabala Torrelavega kostaldeko eskualdetik bereizten duen arroila estuaren sarrera naturalean.

Sovilla haitzuloaren sarrera, San Felices de Buelnan (Kantabria)

Animalia taldeek iparraldetik hegoaldera egin ditzaketen urtaroko mugimenduak kontrolatzeko leku aproposa da eta, Barcenal eta Besaya ibaien elkargunetik hurbil dagoenez, baita ibai baliabideak aprobetxatzeko ere.

Gaur egun haitzuloaren zati txiki bat bakarrik mantentzen da, gainontzekoa 1952 edo 1953an galdu zen harrobi bateko lanen ondorioz, beraz, aurkitu den informazioa oso partziala da.

Sovilla haitzuloko irudi grabatuetako baten xehetasuna

Haitzulo txiki bat da, bukaerako areto bat bakarrik kontserbatzen da, 8,50 metroko zabalera eta 4,5 metro inguruko altuera dituen areto obalatu bat, hego mendebalderantz orientatua. Publikoarentzat itxita dago eta 1998tik Kultur Interesdun Ondarea da.

Sovilla haitzuloko orein eme grabatu baten xehetasuna

Madeleine aldiaren bukaeran bertan jendea bizi izan zela dirudi, momentu jakinetan ehizara etortzen zen talderen bat izan daiteke. Harrizko eta hezurrezko hainbat tresna aurkitu dira, baita itsas maskorrak eta bi arte eramangarri pieza ere.

Bertako labar artea 1990ean baieztatu zen, irudi grabatu multzo bat da, nahiko kaltetuta dago harrobiko lanen eta bandalismo ekintzen ondorioz. Orein emeak, zaldiak, elur orein bat, bururik gabeko lauhankako bat, zeinu bat eta hainbat marra serie aurkitu dira.

Aztarna arkeologikoak Goi eta Azken Madeleine aldikotzat jotzen dira eta irudiak ere garai berdintsukoak izan daitezke, duela 13.000-11.000 urtekoak, inguruan garai horretarako dauden beste adibide batzuekin bat datoz.

Ekainberri

Leave a reply

X