Fumane: Paleolitoko labar artea Italian

Fumane haitzuloa Italia iparraldean dago, Veronatik 15 kilometro inguru ipar mendebaldera, Veneto-Alpe Aurreak eskualdearen hegoaldeko muturrean, Lessiniko Mendietan. Kobazuloaren gaur egungo itxura Pleistozenoan zehar izandako kolapsoen eta geroko izozte eta desizozte prozesuen ondorioa da.

Fumane haitzuloa kokatzen den inguruaren ikuspegi panoramikoa

Haitzuloa 1964an aurkitu zuen Giovanni Solinasek, ikerketak Veronako Historia Naturaleko Museoko ikerlariek zuzendu zituzten. Labar artea 1988ko ikerketa saioetan  aurkitu zen.

Fumane haitzuloaren barrutik kanporako ikuspegia

Bertako giza okupazioa duela 90.000 urtetik duela 30.000 urte ingurura bitartean gertatu zen.10 metro inguruko potentzia estratigrafikoa duen aztarnategi arkeologiko bat gordetzen du, bi giza espezie desberdinek, Neandertalek eta Homo sapiensak, utzitako milaka aztarnarekin, suharrizko tresnak, uharri landuak, apaingarriak eta hainbat tresna.

Musteriar aldiko eta Aurignac aldiko aztarnak daude, oso leku garrantzitsua da Neandertal gizakia eta gizaki anatomikoki modernoaren arteko desberdintasun kognitibo eta portaerazkoak ezagutzeko, bertako sekuentzia estratigrafiko argiak horretarako aukera ematen du.

Fumane haitzuloko margo gorri baten xehetasuna

Labar artea okre gorriz eta horiz burututako margoak dira, apurtutako horma zatitan daude eginda, irudien identifikazioa asko zailduz. Kaltzitaz estalita egoteak ere ez du margoak argitzen laguntzen.

30 eta 60 zentimetro bitarteko luzera duten irudiak dira, lepo luzangadun animalia bat, agian erbinude bat, bost zangodun izaki arraro bat eta giza irudi maskulino bat adardun maskara batekin, xaman bat izan daiteke. Azken irudi hau besoak zabalik dituela eta eskuineko eskuan objektu erritualen bat izan daitekeena duela ageri da. Badira zenbait zeinu abstraktu ere.

Europako labar arterik zaharrenetakoa izan daiteke, Aurignac aldian egina, duela 35.000 urte inguru.

Ekainberri

Leave a reply

X