Lili Jauregiko Andre Madalen emakumearen ahalduntzearen lekuko

2020ko denboraldi hasiera honetan, Lili Jauregiak martxoaren 8rako Emakundek zabaldu duen Katerik Gabe, Katean leloarekin bat egiten du.
Are gehiago, emakumeei protagonismoa eman nahi diegu aurtengo denboraldiaren irekieran eta biharko antolatu ditugun paseak doan eskainiko ditu Arazik, Lili Jauregia kudeatzen duen enpresak, Zestoako emakumeentzat.
Gainera, Lili Jauregiko bisita antzeztuen protagonista den Andre Madalenen irudia eraberrituta dator; Andre Madalen ere Martxoak 8 da: gaur egungo emakumeen ahalduntzearekin eta eskubideen borrokarekin bat egiten duen emakume langilearen irudia erakusten digu, ez konformista eta mobilizatua. 

XVII. mendeko euskal emakume honek gaur egungo emakumeek irabazi behar izan dituzten galdutako eskubide asko dagoeneko bazituen. Nola galdu zituen emakumeak eskubide horiek?
Martxoaren 8a Emakumearen Nazioarteko Eguna da, horrela aldarrikatu zuen Nazio Batuen Erakundeak 1975ean. Gizartean emakumeak gizonezkoek dituzten eskubide berberak izatea aldarrikatzeko egun bat da, gaur egun ere, oraindik emakumeek indarkeria eta mota askotariko diskriminazioa pairatzen jarraitzen baitu. Soldata arrakala, genero indarkeria, sexu eraso eta abusuak, lan diskriminazioa…
Gaur egun, martxoaren 8a industria inguruko emakumeei loturiko aldarrikapen egun bat bezala ikusten da, XIX. mendearen erdialdetik aurrera burujabetza ekonomikoa lortzen joan ziren fabriketako langileekin hasitako zerbait. Izatez, duela urte gutxira arte, martxoaren 8a Emakume Langilearen Eguna izenez ezagutzen zen, soldata baten truke lan egiten duten emakumeen eguna alegia.
XVIII. mendetik aurrera, Industria Iraultzak gizarte egitura berriak sortzea eragin zuen, ordura arte, lehengaien eraldaketa artisau bakoitzak bere etxean egiten zituen, jarduera hori beste lan batzuekin uztartuz. Ehungintza lantegiak izan ziren industrializazio prozesu hau burutzen lehenengoetakoak. Etxeko lanaren sisteman, domestic system izenenez ere ezaguna, familiako kide denek egiten zuten lana, baina gizona, senarra, aita, izan ohi zen produkzio unitatearen aurpegia.

Etxeko gizona fabrikara lanera joatean, gainontzeko kideek bere ardurak elkarren artean banatu behar izaten zituzten. Momentu batetik aurrera, gainera, fabriketan gizonen lanarekin ez zen nahikoa eta emakumeak ere sartu ziren testuinguru industrial horretara.
Industrian lan egin zuten lehen emakumeak ezkongabeak edo alargunak izan ziren, beraien burua eta ondorengoak mantentzeko soldata bat behar zuten emakumeak. Industria arloko emakume horiek, gizonezkoekin batera baina oso baldintza desberdinetan egiten zuten emakume horiek, izan ziren XX. mende hasieran langile mugimenduetan barneratu zirenak. Testuinguru horretan sortu zen mugimendu sufragista ere, emakumeen boto eskubidearen aldeko borroka martxan jarri zuen gizarte mugimendua.
Gaur egun guretzat normala da hauteskundeak izatea eta adin batetik aurrera botoa eman ahal izatea, edo erakunde publiko batean parte hartzeko hautatua izatea, baina hau ez da beti horrela izan, ezta gizonezkoentzat ere. Emakumeen kasuan, boto eskubidea ere gizonezkoena baino beranduago iritsi zen, zenbait kasutan, aurka gehien borrokatu zirenak beste emakume batzuk izan ziren. Zeelanda Berrian 1893an onartu zen emakumeen boto eskubidea, 1902an Australian, 1906an Finlandian, 1913an Norvegian, 1915ean Danimarkan, 1918an Irlandan, Polonian, Georgian eta Errusian, 1919an Islandian, Luxenburgon, Belgikan, Alemanian, Suedian eta Herbehereetan, 1920an Austrian, Hungarian, Estatu Batuetan, Txekoslovakian, 1928an Erresuma Batuan, 1929an Ekuadorren, 1931an Espainian, 1932an Uruguain, 1934an Kuban eta Turkian, 1937an Filipinar Irletan…
Zein izan da emakumeen egoera Euskal Herrian? XVIII. mendeko Ilustrazioaren ideiek eta Frantziar Iraultzak, XIX. mendeko industrializazioak eta gure lurraldean izan ziren gerra odoltsuek hainbat eragin izan zituzten Gipuzkoan eta Euskal Herrian, besteak beste erakundeen antolaketan. Iraultza Frantsesak Ipar Euskal Herriko lurraldeak eta biztanleak Frantziar Estatuaren liberté, égalité, fraternitéren printzipio teorikoetan erabat barneratuta gelditu ziren. Hegoaldean, Gerra Karlisten ondoren, ordura arte hainbat berezitasun izan zituzten foru lurraldeak Espainiako beste lurraldeekin berdinduta gelditu ziren, ezagugarri bereizgarri batzuk ere mantendu ziren arren, hala nola Kontzertu Ekonomikoa.
Emakumearen egoera berezia izan da Euskal Herrian, beste leku batzuetan izan ez dituzten botere eta askatasunak izan dituzte emakumeek gure artean. 1610ean epaituak izan ziren “Zugarramurdiko sorginak” adibidez, euskal emakumeak zituen askatasun historiko haien lekukoak izan ziren.
Asko hitz egin eta idatzi da euskal matriarkatuari edo matriarkalismoari buruz, gurea emakumearen boterean oinarritutako gizarte bat izan dela defendatzen duena, euskal mitologiako pertsonaia nagusia adibidez emakume bat da, Mari. Orokorrean, euskal lurraldeetan emakumeek inguruko beste lurralde batzuetan izan ez dituzten ardurak eta papera izan dituzte, beraien irudiak beste leku batzuetan izan ez duen ikusgarritasun soziala izan du, behintzat.
Gaur egungo ikuspegitik, gizarte klase jakin batzuetako euskal emakumeek beste leku batzuetako beraien parekideek baino indar eta presentzia gehiago izan zuten. Emakumeek zuzenduriko familia nobleen adibideak ez dira salbuespena gure artean. Herri xumeko emakumeen bizimoduari buruz ezer gutxi dakigun arren, badakigu lurrak edo maiztertzak oinordekotzan hartzen zituztela emakumeek. Hau aldiz, Euskal Herritik kanpoko beste zenbait lurraldeetan ez da hain ohikoa. Berez nahiko lur gutxi zuten jabegoak ez zatitzeko modu bat zen, bestela bere biziraupena kinka larrian gelditzen zelako. Maiorazkoaren sistemak produkzio unitatearen batasuna eta bideragarritasuna bermatzen ditu, baina bigarren seme-alabentzat ez da batere onuragarria.
Maiorazkoa ez da berez Euskal Herrian bakarrik funtzionatu duen sistema bat, baina gure lurraldean berezitasun bat izan du: emakumeak ere maiorazkoak izan zitezkeela. Maiorazko sistema honek etxearen eta ondasunen jabeak emakumeak zirela suposatzen du, beraiek ziren produkzio unitatea martxan mantentzearen arduradunak eta horretarako erabakiak hartu behar zituztenak, inork ez zuen zalantzarik egiten hori horrela zenik eta emakume haiek horretarako eskubidea zutenik.
XX. mendea ondo sartu arte, euskal emakumeek ez dituzte berreskuratu duela mende batzuk izan zituzten eskubide eta askatasun haiek, adibidez, duela oso urte gutxira arte, Espainiako Estatuan emakume batek kontu korronte bat irekitzeko aitaren, senarraren edo anaia baten baimen idatzia behar zuen.
Eta zein da Lili familiaren egoera? Emakumeen indarraren eredu da, linaiari hasiera eman ziona Domenja Lili izan zen, emakume honek ekin zion Lili Jauregia eraikitzeari 1492an. Ondoren ere, Lili Jauregia emakumeek gobernatuta agertu izan da hainbat garaitan, naiz eta oinordekoen emazteak izan. Gure kontakizuna, “Lilitarren ohorea” antzezlana, 1676an girotzen da, bertako protagonista den Andre Madalenek adibidez, senarraren negozioetan erabaki boterea zuen.
Andre Madalenen kasuan, Lili Jauregira Debatik iritsi zen, bertako jauna zen Sebastian Leizaola eta Lilirekin ezkontzean sartu zen familian. Madalenek txikitatik ikusi zituen amona eta ama bere etxean agintzen, atzerrian denbora asko egiten zuen aita baten negozioak zuzentzen eta berriro itzuliko ez zen pertsona baten negozioen kargu egiten gero. Berarentzat agintzen zuten emakume indartsuak eguneroko ogia ziren.
Lili Jauregira iristean, antzeko egoerarekin egin zuen topo. Lilitarrak batez ere burdinaren eta egurraren komertzializaziotik bizi ziren eta negozioak zituzten hainbat lekutan. Sebastianek hilabete asko pasatzen zituen etxetik kanpo negozioak zirela eta, baina bitartean etxeko martxa norbaitek eraman behar zuen, horretarako baziren administrari prestatuak, baina etxeko norbait baino hoberik ezin zen aurkitu negozioak zuzen eramateko, bera, bere emazteari negozio erabakiak hartzeko botere idatzia eman zion.
Kronikek Magdalena Amilibia eta Elkaraetaren beste datu bat ematen digute, bazekien irakurtzen! Garai hartan irakurtzen zekiten emakume gehienak ordena erlijiosoetako kideak ziren, ez zen batere arrunta erlijio-bizitza ez zeraman emakume batek hezkuntza maila hori lortzea.
Andre Madalenek gainera, agintzen bazekiela esaten dute, nortasun handiko pertsona zela eta bere autoritatea ezartzen bazekiela. Garai zailak tokatu zitzaizkion, bera iritsi zenerako, Lili familiak ez zuen garai bateko ondasunik, ezta lehenagoko garaietan izandako izen onik ere. Andre Madalenek Lili familia zutik mantendu zuen eta egoera benetan larriei egin zien aurre, nondik atera zuen horretarako indarra? Bera ez zen etxeko gizonarekin ezkontzean kanpotik iritsitako norbait, Lilitar batekin ezkontzean, familiako kide bat gehiago bihurtu zen eta Lilitarren gauzak bere gauza bihurtu ziren.
Ez zitzaion horretarako nortasunik eta indarrik falta, baina emakumeek, emakume batzuek, horrelako aukerak izatea ahalbideratzen zuen sistema batean bizitzea tokatu zitzaion. Gaur egun, oraindik badago emakumeen eskubideen arloan zer borrokatu eta Andre Madalenek aldarrikapen horiekin bat egiten du.

Ekainberri

Leave a reply

X