Addaura Sizilia uhartean dago, Palermoko hiriaren gainean, Pellegrino mendiaren ipar ekialdean. Itsas-mailaren gainetik 70 metroko altueran dago eta Palermoko badiarako zelata-leku paregabea da.
Hiru haitzulok osaturiko sistema baten parte da, zulo desberdinetan Paleolitoan eta Mesolitoan zehar bertan bizi izan ziren pertsonen aztarnak aurkitu dira, besteak beste harrizko eta hezurrezko tresnak, animalien hezurrak eta arte eramangarri piezak.
1943an, II. Mundu Gerran aliatuek Sizilia hartu ondoren, haitzulo sistema hau bolborategi bezala erabili zen, 1952an bertan utzitako lehergaien eztanda batek kaltzita geruza batek babesturiko irudi grabatu multzo bat aurkitu zen.
Bertako labar artea oso ezohikoa da Europa mailan, ehiza eszena baten errepresentazioa ikusi daiteke eta giza irudiari inon eman ez zaion protagonismoa eman zaio.
Eszenaren kanpoaldean, animalia irudi zizelatuak ikusi daitezke, bisontea, basahuntza, uroak, zaldi basatiak eta oreina. Animalien erdian giza irudiak daude, zirkuluan antolatuak, mugimendua antzematen da. Zirkulu horren erdian beste bi pertsona ikusten dira, burua maskarekin estalita dute, zangoak lokarri batekin lepora lotuak, bizkarraren okerdura antinatural eta mingarria sortuz.
16 giza irudi daude guztira, beraietako bat emakumezkoarena, gehienak eskematikoak dira eta ez dute ez besorik, ez zangorik.
Irudi multzoari buruzko interpretazio desberdinak egin dira, baina azti edo xaman batzuek buruturiko sakrifizio erritual bat izan daitekeela pentsatu izan da. Irudiak duela 11.000 urte eginak izan daitezke, Goi Paleolitoaren bukaera aldean.
1997an kobazuloa publikoarentzat itxi zen harri jausiak izateko arriskuagatik, baina 2012an ekintza bandalikoak gertatu ziren bertan.