Abri Blanchard: Aurignac aldiko labar artea

Abri Blanchard, Abri Blanchard de Roches edo Abri Didon deiturikoa Dordoina eskualdeko Castelmerle haranean dago, Sergeac komunan, Europako labar arte pilaketarik handienetakoa duen Vézère haranaren eskuinean. Amildegiaren oinean kokaturiko harpe kolapsatu bat da.

Abri Blancharden sarrera, Sergeac komunan, Dordoina.

Harana inguratzen duten bi amildegietan hainbat aztarnategi arkeologiko daude, Abri Blanchard baino apur bat gorago Abri Castanet harpe apaindua dago, arroilaren beste aldean La Souquette.

Abri Blanchardeko uro grabatuaren eta puntu lerrokatuen xehetasuna, Dordoinan.

Indusketak 1910ean burutu zituen Marcel Castanetek, Louis Didonen zuzendaritzapean, ikerketa metodo zaharkituak material asko galtzea ekarri zuen. Behe eta Erdi Aurignac aldiko bi maila arkeologiko identifikatu ziren, garai horretarako hezurrezko tresna multzorik aberatsenetakoa aurkitu zen bertan, baita suharrizko tresneria ere. Bilduma zatika saldua izan zen.

Abri Blancharden aurkituriko pieza grabatuetako baten irudia, Sergeaceko komuna.

Bertako aztarnategi arkeologikoan hainbat arte eramangarri pieza aurkitu dira, beraien artean ilargi egutegi bat izan daiteken hezur bat, duela 30.000 urte ingurukoa. Apaindutako bloke eta xafla ugari aurkitu dira, baita Atlantikoko eta Mediterraneoko maskorrak edo esteatita ere, jatorria oso urrun duten materialak daude bertan.

Labar artea askoz beranduago topatu zen, 2012an. Momentu horretan kareharrizko plaka bat aurkitu zen, irudi grabatuz osaturiko konposizio konplexu batekin. Ez da kolapsatutako sabaiaren zati bat eta bizigunearen aztarnak espazioaren erdialdean aurkitu zen. Uroak dira irudi nagusia, dozenaka puntuaketa lerrokatuz lagunduta.

Labar artea Behe eta Erdi Aurignac aldikoak izan daiteke, duela 38.000 urte ingurukoa, aztarnategi arkeologikoko piezek data horietara garamatzate, baita bertako irudiek Chauvet eta garai honetako labar artedun beste leku batzuetakoekin duten antzak ere.

Ekainberri

Leave a reply

X