Grotte de Gouy edo Zaldiaren Kobazuloa Gouyko komunan aurkitzen da, Normandiako Seine-Maritime departamenduan, Rouen hiritik 10 kilometro ingurura, Sena ibaiaren eskuineko arroan.
Sena menperatzen duen Ekialdeko Goi-Lautadan dago, ia ibaiaren gaur egungo mailan, baina haitzuloaren erabilera garaian maila hori askoz baxuagoa zen.
Haitzuloa 1881an aurkitu zuten herritar batzuek, baina ez zuten ezer kontatu, han
egon zirela idatzi zuten horma batean. 1934-1935 artean, RN 15 errepidearen eraikuntza lanek zati baten suntsitzea eragin zuten, langileek arrakala bat ikusi zuten arren, obra arduradunak bertan sartzea eragotzi zien.
1956an bi anaia gaztek “berraurkitu” zuten eta ikerketa zientifikoak hasi ziren. 12 metro inguruko luzeradun zati bat kontserbatzen da, 2 metro inguruko zabalera du eta behetik gora garatzen da hiru areto desberdinetan zehar.
1972an 37 irudi grabatu zeuden identifikatuta, okre gorriaren aztarnak ere ikusten dira, irudiak grabatuta eta margotuta egon zitezkeen.
18 animalia irudi daude, batez ere uroak eta zaldiak, hiru animalia identifikaezin eta hegazti bat, seguruenik harrapari bat, labar artean benetan gai arraroa. Antropomorfo bat ikusten da, emakume silueta bat izan daitekeena, baita 8 bulba ere, beraietako bat zizelkatua. Hainbat zeinu daude, luma formako bat eta arantza formako beste bat, klabiforme bat eta hainbat lerro eta mantxa gorri.
Haitzulo honen bereizgarrietako bat bere kokapena da, Erresuma Batuan egin diren bi aurkikuntzaz aparte, Europan iparralderago dagoen labar artea da. Beste faktore garrantzitsu bat irudien garaia da, duela 12.000 urte ingurukoak izan daitezke, Madeleine aldiaren bukaerakoak edo Azil aldiaren hasierakoak, bi garaien arteko trantsizio elementu bat dira.