Chabot: mamuten haitzuloa

Chabot haitzuloa, Jean-Louis haitzuloa edo mamuten haitzuloa izenez ere ezaguna, Aiguèzeko komunan dago, Okzitania eskualdeko Gard departamenduan. Ardèche ibaiaren arroilaren beheko partean Paleolitoko labar artea duten 30 kobazulo aurkitu dira.
Ibaiaren mailaren gainetik 20 metro inguruko altueran dago. 215 metro inguruko garapena du, 25 metro inguruko zabalera eta 8 metro inguruko luzera dituen sarrera batekin, handik ezkerrera galeria bat abiatzen da, estutzen doana. XIX. mendean jabeak, Chabot jaunak, animaliak gordetzeko erabiltzen zuen eta horretarako hormak eraiki zituen.

Archèche ibaiaren arroilaren beheko partearen irudi bat, Okzitaniako Gard departamenduan.

Duela 22.000 eta 17.000 urte inguruko okupazio aztarnak daude bertan, azken Izotz Aroaren sasoirik gogorrenekoak, badirudi inguru hau baldintza haietarako babesleku klimatiko bihurtu zela, giza aztarnak gordetzen dituzten kobazulo pilaketa bat dagoelako inguruan.
1895ean bertako horma eta sabaietan irudi grabatuak aurkitu zituzten, Altamiraren ondoren, Paleolitoko labar artea aurkitu zen bigarren kobazulo europarra izan zen.

Chabot haitzuloaren barrualdearen irudi bat.

Mamutaren irudiak dira nagusi, batzuk elkarren artean gainjarriak agertzen dira, oso multzo korapilatsua osatuz. Zaldien irudiak eta zehaztu gabeko lau hankako animaliak ere badaude, agian oreinak edo ahuntzak izan daitezkeenak, asko kaltzita geruza fin batek estaliak. Kaltzitaren azpian okre trazuak ere ikus daitezke.

Chabot haitzuloko mamut grabatuen irudia.

Irudiak hobeto ikusteko zenbait kasutan ikatzarekin belztu ziren, higadura ere jasan dute, baita ekintza bandalikoren bat ere. 1903tik Frantziako Monumentu Historikoa da eta publikoarentzat itxita dago.
Irudien estiloagatik, bertako labar artea Solutre aldikoa dela uste da, duela 20.000-17.000 urte inguru egina, bertatik gertu dauden beste kobazulo batzuetako irudiek ideia hori baieztatuko lukete.

Ekainberri

Leave a reply

X