Figuier haitzuloa Saint-Martin-d’Ardèche komunan dago, Ardèche eskualdean. Ardèche ibaiaren arroiletako azken meandroaren hormetan sorturiko kobazuloetako bat da, Saint-Reméze goi-lautadaren hegoaldean, Rodano ibaiaren haranaren erdialdean. Komunaren jabegokoa da.
Ardèche ibaiaren mailaren gainetik 39 metrotara aurkitzen da, bere sarrera zati batean estaliriko terraza batek markatzen du, hiru areto eta zenbait galeria eta dibertikulurekin.

2017an Frantziako Monumentu Historikoen Katalogoan sartu zuten bere aztarnategi arkeologikoaren aberastasunagatik.
Bere sarrera zabala ikertzen 1878an hasi ziren, suharrizko tresneria ugaria eta haur txiki baten hilobia aurkitu zituzten, okre gorriz estalia eta itsas molusku baten maskorrarekin. Duela 28.000 eta 22.000 urte bitarteko lurperatze bat izan daiteke, seguruenik Gravete aldikoa. Beste buruhezur batzuk, masail hezurrak eta zenbait hortza ere aurkitu dira.

Bertan Musteriar aldititik hasita bizi izan da jendea, Erdi Paleolitoan askoz okupazio trinkoagoa izan zuen gero baino, hala ere, Aro Modernora arte erabilia izan da.

Labar grabatuei buruzko lehen albisteak 1906koak dira, 1928an Henri Breuilek identifikatu zituen. Bere berezitasun nagusia da irudiak kobazuloaren sarrera partean daudela, bizilekuan, eta ez santutegi bezala kalifikatu izan den alderdi sakonean.
Hamabost labar grabatu identifikatu dira, batez ere animalienak, euren artean bisonteak, mamutak, bobido bat, zaldi bat, ahuntz posible bat eta zehaztu ezineko hainbat marka daude.
Irudiak oso higatuak daude, Izotz Aroan haize bortitzak eta hotz handia jasan zituzten identifikazioa zailduz. Ezinezkoa da zuzeneko datazioak egitea, baina duela 20.000-18.000 urte ingurukoak izan daitezke, Solutre aldian eginak.