Ebbou: Ardèche bailarako babesleku klimatikoa

Ebbou haitzuloa Vallon-Pont-d’Arc komunan dago, herrigunetik 1 kilometro inguru gorantz, ibaiaren eskuineko magalean, itsas mailarekiko 130 metro inguruko altueran, Ardèche departamenduan, Auvergne-Rhône-Alpes eskualdean.

Ebbou haitzuloaren inguruen ikuspegi panoramikoa, Vallon-Pont-d’Arc komunan, Ardècheko departamentua

Ardèche ibaiaren arroan aurkitu den Paleolitoko labar artedun kobazuloetako bat da, mota honetako adierazpenen dentsitate oso handia duen lurralde bat da, Goi Paleolitoko baldintza klimatiko zailetan mikroklima bereziki babestua zuen leku bat da.

Grotte du Chateau d’Ebbo edo Grotte du Château d’Ebbou izenez ere ezaguna, izena XVI. mendean bertatik gertu egon zen gotorleku batetik datorkio.

Ebbou haitzuloko uro grabatuetako baten xehetasuna,c Vallon-Pont-d’Arc-en

Sarrera handi bat eta bertatik abiatzen den 90-100 metro inguruko galeria bat ditu, galeria horren bukaeran 25 metro inguruko luzera eta 5-10 metro inguruko zabalera duen areto bat dago eta bertako hormetan eta sabaian irudi grabatuak.

Labar artearen lehen aipamena 1873an egin zuen Jules Ollier de Marichard ikerlariak, baina ahaztuta egon ziren 1946an André Glory arkeologoak berriro aipatu eta argitaratu zituen arte. 70 irudi grabatu inguru dokumentatu dira bertan, gehienak animalienak.

Ebbou haitzuloko zaldi grabatuetako baten irudia, Vallon-Pont-d’Arc komunan

Irudiak oso estilo sinplean eginak daude, animalia irudiak dira eta zaldiak, uroak, basahuntzak, bisonteak, mamut bat, katuki handi bat eta zehaztu ezin diren zenbait animalia ikusi daitezke.

Teknika eta estilo batasun handia dute, Solutre aldiaren bukaerakoak izan daitezke, duela 18.000-17.000 urte eginak, bisonte bat berriagoa izan daitekeen arren.

1947tik Monumentu Historikoen Zerrenda Frantziarrean dago. 1964ra arte publikora irekita egon zen, horrek irudien kontserbazioan eragina izan zuen eta ixtea erabaki zen. Grabatuak dauden inguruko hezetasun maila altuak ere harkaitza deskonposatzea eta irudiak kaltetzea eragin du.

Ekainberri

Leave a reply

X