Grotte de la Tête du Lion: uroak Ardèche haranean

Grotte de la Tête du Lion Bidon komunan dago, Ardècheko departamenduan, Auvergne-Rhône-Alpes eskualdean. Ardèche ibaiaren bailarak Goi Paleolitoko bizimodurako baliabide bereziki egokiak eskaintzen zituela dirudi, giza okupazio aztarna ugari baitaude.

Grotte de la Tête du Lion haitzuloaren sarrera inguruaren xehetasuna, Bidon komunan, Ardèche departamentua

Goranzko joera nabarmena duen 70 metro inguruko galeria bat da, pasabideen estuguneek banatzen dituzten hiru aretok osatua.

Grotte de la Tête du Lion-eko uro gorriaren xehetasuna, Bidon komunan

Bere aurkikuntza 1963an gertatu zen, errepide bat eraikitzeko lanetan buruturiko leherketa batek bere sarrera agerian utzi zuenean, berehala errepidea beste leku batetik egitea erabaki zen eta sarrera itxi babesteko.

Grotte du la Tête du Lion haitzuloaren sarreratik dagoen ikuspegia

Irudi gehienak “biribilgunea” deituriko eremuan aurkitzen dira, sarrera galerian ere puntu gorri bat eta bi lerro grabatu ikusi daitezkeen arren, bukaerako tunelean ez da labar arterik topatu. Leherketen ondorioz, hormak nahiko ahulduta daude eta irudien gunean ere plakak erori dira, tenperatura aldaketak bortitzagoak dira eta hormak lehorragoak daude.

Txoko batean egur erre pilaketak eta okre gorri tantak aurkitu dira, pigmentuak prestatzeko gunea izan zitekeen. Ikatz aztarna horiek duela 22.000 urte inguruko  datak eman dituzte, irudien estiloarekin koherenteak dira. Irudiak konkrezio geruza batek estaltzen ditu, babestuz, baina baita ikustea zailduz ere.

Bertan animalia irudi gorriak eta hainbat zeinu gorri eta grabatu aurkitu dira, uro bat, agian emea, bi basahuntz buru gorri, orein gorri bat, bi puntu multzo horixka, bata 7 alekoa eta bestea 17koa, 5 puntu gorriko beste multzo bat, beste marka gorri bat eta bi puntu gorriko beste multzo bat ikusi daitezke.

Irudiak duela 22.000 urte ingurukoak izan daitezke, Solutre aldiaren hasieran eginak. 1964tik Frantziako Monumentuen Zerrendan dago, komunaren jabegokoa da eta publikoarentzat itxita dago.

Ekainberri

Leave a reply

X