Grotte Dite de la Bergerie de Charmasson: hatzekin marraztutako basahuntza

Grotte Dite de la Bergerie de Charmasson Vallon-Pont-d’Arc komunan aukitzen da, Ardèche departamentuan, Auvergne-Rhône-Alpes eskualdean. Ardèche ibaiak markatzen duen Cirque d’Estre izeneko formazio geologikoaren barruan dago, Chauvet eta Planchardeko haitzulo apainduetatik gertu. Estatuaren jabegokoa da eta 2017an Monumentu Historiko izendatua izan zen.

27 metro inguruko luzera eta 10 metro inguruko zabalera dituen galeria bat da, sarreratik alderdi sakonenera  6 metro inguruko goranzko altuera diferentziarekin. Kobazuloaren maldaren ondorioz, material arkeologikoa ia erabat galdu da, baina aurkitu diren tresnek eta fauna aztarnek Madeleine aldikoak dirudite. Hormak hartzaren atzaparkadez estaliak daude.

Cirque d’Estre-ren airetikako ikuspegia, Vallon-Pont-d’Arc komunan, Bergerie de Charmasson kobazuloa aurkitzen den ingurua.

Bertako irudiak eta hartzaren atzaparkadak 1994an aurkitu ziren, oso kontserbazio egoera kaskarrean aurkitzen dira kobazuloaren beraren ezaugarrien ondorioz.

Bere labar artea jatorrian bigunak ziren hormetan hatzekin egindako trazuak dira, basahuntz baten irudi oso eskematikoa eta hainbat zeinu dira, marra bertikalak, paraleloak eta marra horizontalak, zabalagoak edo estuagoak, galeriaren bi aldetan marraztuak. Hormako buztina kaltetuta dago eta basahuntzaren irudia kaltzita geruza fin batek estalita dago, ikustea asko zailduz. Ezinezkoa da irudi gehiago dagoen edo ez ikustea.

Errepresentazioen data ezartzea ere ez da erraza, bere inguruan Goi Paleolito osoan zehar apaindutako kobazuloak daude, Chauveteko adibide zaharrenetatik (duela 33.000 urte inguru) hasi eta Planchardeko Madeleine aldiko (duela 13.000 urte inguru) irudietara. Bertan aurkitutako material arkeologikoagatik, irudiak Madeleine aldikoak izan daitezke, baina inguruko beste haitzuloetako marrazkiekin alderatuz, zaharragoak dirudite.

Ekainberri

Leave a reply

X