Ekain Gizateriaren Ondare izendapenaren 13. urteurrena

Ekaingo haitzuloa izen bereko muinoaren ekialdeko hegalean dago, Sastarraingo ubideak sortzen duen bailara txikian. Historiaurreko kokaleku baterako leku aproposa. Zestoa herritik kilometro batera dago, eta erraza da bertara iristea. Madeleine aroko labar-pinturengatik da ezaguna, eta pintura horiek bikain zainduta daudela nabarmentzekoa da. Haitzuloan, gutxi gorabehera, 70 animali-irudi daude; 64 margotuak eta 6 grabatuak. Zaldia da gehien ageri den irudia. Zaldi-multzoa arte franko-kantabriarraren irudirik eder eta aberatsenetakoa da, eta espezie horretan, horma-mihise onena. Hartzak, oreinak, kapridoak… ere ikus daitezke Ekainen. Haitzuloa hainbat galeriatan banatzen da, eta jasotzen dituzten irudien arabera izendatu dira. Erdibide, Auntzei (ahuntzak), Erdialde, Zaldei (zaldiak), Artzei (hartzak) eta Azkenzaldei (zaldiak).

 

2008ko uztailaren 7an UNESCOk ospatutako konferentzian, Ekain haitzuloa Gizateriaren Munduko Ondareizendatu zuten, Erlaitz Kantabriarreko labar-artearen beste 17 santutegirekin batera; Altxerri eta Santimamiñe, besteak beste. Eusko Jaurlaritzak eta Kantabria eta Asturiaseko gobernuek egungo aitortzaraino iritsi den prozesua abiatu zuten bi urte lehenago.

 

13 urte hauetan Ekain koban ikerketa arkeologikoek jarraipena izan dute eta emaitza berriak eskaini ditu gizartearen gozamenerako. 2008. urtean Ekain kobaren ezagutzera emateko baliabide paregabea egokitu inauguratu zen, Ekainberri, ekain kobaren erreplika. Ekain koba eta Ekainberri bailara berdinean kokatzen dira, eta ekain kobako margoak inongo kalterik ez jasatea ahalbidetu du, eta bide batez 380.000 bisitari baina gehiago izan dira gaurdaino Ekainberrira hurbildu direnak. Uda honetan ere eskaintza zabala du Ekainberrik, www.ekainberri.eus en eskaintza eguneratua ezagutu eta sarrerak eros daitezke.

 

Ekain kobaren ondarea babestu eta ezagutzera emateko eginiko apustua sendoa da euskal administrazioen aldetik, Ekain Fundazioko patronoak diren instituzioek (Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Zestoako Udala) eginiko lanaren emaitzak nabarmenak eta azpimarragarriak dira. Mundu mailan bakarra den ondarea ezagutzera emateko Ekain Fundazioak emandako bultzadak emaitza oparoa erakusten du, euskal kulturaren eta izaeraren parte den Ekain, modu egokian ikertua eta zabaldua izan dadin.

 

Ekainberri

Leave a reply

X