Ardèche ibaiaren arroilen beheko partea Paleolito garaiko bizimodurako oso leku aproposa zela dirudi, inguruan garai hartan gizakiak erabilitako hainbat kobazulo baitaude, horietako askotan gainera, labar artea aurkitu da.
Grotte Sombre, Grotte Castanie edo Grotte de l’Olivier izenez ere ezaguna, Saint-Martin-d’Ardèche komunan dago, Ardècheko departamenduan eta Auvergne-Rhône-Alpes eskualdean. Arroilaren irteeratik 800 metro ingurura dago, ibaiaren ezkerreko aldean, bere mailaren gainetik 60 metrotara. Komunaren jabegokoa da, Monumentuen Zerrendan dago 2017tik.
Sarrera hegoalderantz orientaturik duen 40 metro inguruko areto bat da, 3-4 metroko altueraduna, hortik beste 40 metro inguruko galeria estu bat abiatzen da.
Bertako indusketa arkeologikoak XIX. mendearen amaieratik 1960. hamarkadara arte luzatu ziren, Solutre aldiko okupazio maila bat identifikatu zen, kaltzita geruza batek estalia. Neolitoko eta Brontze Aroko aztarnak ere aurkitu dira.
Labar artea 1911an topatu zen, irudi grabatuak dira eta ez daude oso egoera onean. Kobazuloaren sarrera partean daude, ezkerreko horman, gizakien bizilekua izango zen eremuan eta gaur egun eguzkiaren argiak harrapatzen duen lekuan. Sabaiaren zati bat kolapsatuta dago eta seguruenik irudi asko erabat galdu dira fenomeno atmosferikoen ondorioz.
Irudiak 2,5 metro inguruko luzera duen horma babestu batean daude. Hasiera batean zeinu txiki obalatu eta hiruki bezala identifikatu baziren ere, gaur egun beste irudi handiago eta identifikaezin batzuen parte zirela pentsatzen da, lerro grabatu sakonez landuak.
Inguruko beste kobazulo batzuetako labar artearekin alderatuz, irudiak Solutre aldikoak izan daitezke, duela 22.000 eta 18.000 urte bitartean eginak.