Gouffre d’Emiliei: Ardèchen eginiko azken aurkikuntza

Gouffre d’Emilie Saint-Alban-Auriolles komunan dago, Beaume ibaiaren arroilen irteera inguruan, Ardèche ibaiarekin bat egiten duen puntutik gertu, Ardècheko departamenduan, Auvergne-Rhône-Alpes eskualdean.
Paleolitoan erabiltzen zen sarrera harri-jauziek estalita dago. Gaur egungo sarreratik, tunel estu bat gurutzatu eta 25 metro inguruko leize arriskutsu batetik jaitsi behar da, bertatik beste bi galeria abiatzen dira.
Kobazuloa dagoen lursailaren jabea, Claude Roussel, espeleologoa da eta labar artea 2011 aurkitu zuen beste bi pertsonekin kobazuloa ikertzen ari zela. Ardècheko lurralde oparoan oraingoz burutu den mota honetako azken aurkikuntza da.
Marrazkiak bi galeria txikitan daude, hauek bata bestearengandik gertu eta mailakatuta aurkitzen direnez, betetze prozesuek banatutako galeria bakar bat izan daitekeela uste da.

Baume ibaiaren arroilen inguruko paisaiaren xehetasuna, Ardèche departamenduan

Zaldiaren Galeriak 20 metro inguru ditu apainduak, sarreran marka beltz oso hondatu batzuk ikusi daitezke, agian animalien irudiak ziren. Galeriaren erdialdean, zorutik 3 metro inguruko altueran, sabaia eta horma elkartzen diren gunean, beltzez margoturiko zaldi buru bat ikusi daiteke, zati batean kaltzitaz estalita. Puntu gorri serieak eta eskuzabalarekin margo gorria zabalduz eginiko puntuazio handiak ere ikusi daitezke.

Gouffre d’Emilie haitzuloko beltzez margotutako zaldi burua, Saint-Alban-Auriolles, Ardèche departamendua

Eskuen Galeria kobazuloaren beheko aldean dago, urak ohikotasunez hartzen duen gune batean. Marka gorri oso ahulak daude, aurrerago marra gorri bertikal eta paraleloak, gutxienaz zeharkako bi esku gainjarri eta bi esku positiboren aztarnak.
Margoak eskualdeko beste haitzulo batzuetako irudiekin konparatuz, Goi Paleolitoaren lehen garaietakoak izan daitezke, duela 32.000-27.000 urte inguru eginak, Aurignac aldikoak edo Gravette aldikoak.

Ekainberri

Leave a reply

X