Colombier: basahuntzak eta uroak Ardèche haranean

Saleyroneko labarrak Ardèche ibaiaren arroilen goiko partean daude, Labstide de Virac komunan, Ardèche departamenduan, Auvergne-Rhône-Alpes eskualdean.

Ibaiaren ibi natural baten inguruko kobazuloetako hiru elkarren artean konektaturik daude, bere eskuineko aldean kokatuak, ibaiaren mailatik 20 metro inguruko altueran. Colombier multzoa bi harperen gainean zabaltzen den 300 metro inguruko kobazulo bat da.

Colombier haitzuloko basahuntz grabatua, Labastide de Virac-en, Ardècheko departamendua

Hiru guneak bizitoki bakar bat ziren, bertan Goi Paleolitoaren bukaeran jendea bizi izan da eta bitan irudi grabatuak daude. Izotzak eta lurpeko ibaiak eragindako higadurak lekuaren itxura erabat aldatu dute, baita ia gaur egunera arte artegi moduan emandako erabilerak ere.Haitzuloak XIX. mendetik ezagunak ziren, grabatuak 1946an aurkitu zituzten bi espeleologok, 1973tik 1990era bitartean buruturiko lanetan irudi multzo gehiago aurkitu ziren.

Colombier haitzuloko grabatuak, Labastide de Virac komunan

Irudiak bi multzotan banatzen dira, gaiagatik eta teknikagatik elkarren artean lotura dute. Gainera, estratu arkeologikoek estalita agertzen direnez, beraiek eta inguruko beste kobazulo batzuetako irudiak datatzea erraztu dute.

Colombier I (kobazuloa) galeriaren hormetan belarjaleen irudiak daude, uro bat, basahuntz bat eta oreina izan daitekeen bat, baita mota desberdinetako zeinuak ere. Identifikatzen zailak dira, gainjarriak eta elkarri lotuak daude. Sarreran Madeleine aldiko industria aurkitu da.

Colombier II (barruko babeslekua)  sarreraren mailatik behera  dago, Behe Azil aldiko geruzan kareharri bloke apaindu bat aurkitu zen, izotzaren ondorioz apurtutako horma zati apainduak ere badaude. Basahuntz ar bat eta zeinu obalatu bat ikusten dira.

Irudiak Goi Paleolitoaren bukaerakoak dira, Madeleine aldiaren bukaeran edo Azil aldiaren hasieran, duela 14.000-10.000 urte bitartean, eginak izan daitezke.

Ekainberri

Leave a reply

X