Grotte de Mézelet: Vallon-Pont-d’Arc-eko bobido grabatua

Grotte de Mézelet Vallon-Pont-d’Arc komunan dago, Ardèche departamenduan, Auvergne-Rhône-Alpes eskualdean. Ardècheko arroilaren sarreraren inguruko labarretan dauden haitzulo txikietako bat da, ibaiaren ezker aldean dago, Chauvet kobazulotik gertu.

Historiaurrean zehar, Erdi Aroan eta Aro Modernoko Erlijio Gerren garaian erabilia izan da eta kobazuloa oso eraldatuta dago, besteak beste, sedimentu metro asko hustu ziren eremua egokitzeko eta gotorleku bihurtzeko. Hor egon zitekeen material arkeologikoa betirako galdu da. Elementu naturalek eragin duten higadura ere oso nabarmena da.

Kobazuloa bi galeria paralelo eta elkarren artean komunikatuk osatzen dute, bakoitza 10 metro inguruko luzerarekin.

Irudi zizelatu bat dago bertan eta 1966an aurkitu zen ikerketa sail baten testuinguruan, sarreratik barrurantz goazela, eskuineko horman dago, gaur egun 1 metro eta 80 zentimetro inguruko altueran, baina bertako sedimentua hustu egin zutenez, ezinezkoa da jatorrian irudia zein alturatan burutu zen jakitea.

Uro edo bisonte baten lepo-bizkar lerroa ikusten da, galeriaren barrualdera begiratzen du, 50 zentimetro inguruko lerro grabatu sakon bat da, V forman eta 3 edo 4 milimetro inguruko sakonerarekin egina, suharrizko tresna batekin egin zen. Atzoko partean eta sabel inguruan ez da jarraikortasunik ikusten, harria oso higatua dago.

Datatzeko zaila den kobazulo apaindu baten adibide argia da, zuzenean ezin da datatu eta ez dago material arkeologikorik ere. Inguruko beste haitzulo batzuetako irudiekin alderatuta, teknika eta gaiari dagokionez, irudia Gravete aldiaren bukaerakoa edo Solutre aldiaren hasierakoak izan daiteke, duela 26.000-23.000 urte inguru egina, baina Goi Paleolitoaren bukaera aldekoa ere izan daiteke.

Ekainberri

Leave a reply

X