Grotte du Dérocs: basahuntzak Ardèche haranean

Grotte du Dérocs Ibie eta Ardèche ibaien elkargunetik kilometro bat inguru dauden hiru kobazuloetako bat da, Ibie ibaiaren ezker aldean dago, arroaren gainetik 100 metro inguruko altueran. Vallon-Pont-d’Arc komunan dago, Ardèche departamenduan, Auvergne-Rhône-Alpes eskualdean.

Grotte du Dérocs haitzuloko margo gorrietako baten xehetasuna, Vallon-Pont-d’Arc komunan.

450 metro inguruko luzera duen kobazulo bihurgunetsua da, labarrarekiko paraleloan garatzen dena, alboko galeria mailakatuekin.

Berari buruzko lehen aipamenak 1781ekoak dira, bertako betegarria fosfatoak lortzeko ustiatua eta hustua izan zen eta hor egon zitekeen material arkeologikoa galdu egin da, baina XIX. mendeko indusketetan Neolitoaren bukaerako eta Brontze Aroko aztarnak aurkitu ziren.

Labar irudiak 1973an aurkitu ziren, 2002an eta 2007an aurkikuntza gehiago izan ziren. Kaltzitak estalita eta nahiko egoera txarrean aurkitzen dira, bertarako

Grotte du Dérocs-eko galerietako baten ikuspegia, Ardèche haranean.

sarrera errazak txikizioak erraztu ditu.

Grotte du Dérocs-eko galerietako baten ikuspegia, Ibie ibaiaren arroan.

Irudiak margo gorriak dira eta galeria nagusiaren puntu desberdinetan daude, gehienak nahiko posizio garaietan, beraz, horman gora igota edo egituraren bat eraikiz eginak izan daitezke.  Okre gorriz eginiko V handi bat dago, basahuntz baten adarren eskematizazio bezala interpretatua.

Bigarren multzoa 4-5 puntu gorrizko bi puntu serie dira, oso ezabatuak eta kaltzitaz estaliak daude. Inguruko beste kobazulo batzuetakoekin alderatuta, Aurignac aldikoak edo Gravette aldikoak izan daitezke.

Kobazuloan zehar aurkitu diren beste margo aztarna batzuk Historiaurrekoak izatea zalantzagarria da, gure garaietan eginiko graffitiak izan daitezke.

Irudiak kaltzitaz estalita egoteak euren jatorrizkotasuna bermatzen dute, baina data zehatza ezartzea zaila da, inguruko beste kobazulo batzuetako esperientziagatik, Goi Paleolitoaren garai zaharrenetakoak izan daitezke.

Ekainberri

Leave a reply

X