Grotte du Louoï: Madeleine aldiko grabatuak eta margoak

Grotte du Louoï Ibie ibaiaren ezker aldeko labarretan kokaturiko kobazuloetako bat da, Ardèche ibaiarekin bat egiten duen gunetik oso gertu dago, Vallon-Pont-d’Arc komunan, Ardèche departamenduan, Auvergne-Rhône-Alpes eskualdean.

Grotte du Louoï haitzuloaren sarrera, Vallon-Pont-d’Arc komunan

Ibaiaren mailaren gainetik 100 metro inguruko altueran dago eta 100 metro inguruko luzera duen galeria zabal bat da, hainbat dibertikulu txikiagorekin. Ibaiaren norabidearekiko perpendikularrean garatzen da, sistemako beste bi kobazuloak paraleloan doazen bitartean.oïSarrera partea 1866an aurkitu zen, barruko galeriak 1880an, fosfatoen meatzaritza jarduerarekin lotuta. XIX. mendearen bukaeratik fosfatoak ateratzeko ustiatua izan zen, horretarako bertako materiala hustuz, orduan egin ziren indusketetako bildumak galduta edo sakabanatuta daude eta ez da Goi Paleolitoko aztarnarik ageri.

Grotte du Louoï haitzuloaren barrualdearen irudia, Vallon-Pont-d’Arc komunan

1991an, larrialdiko indusketa baten testuinguruan, puntu gorri batzuk aurkitu ziren Neolito berantiarreko lurperatzeei loturiko galeria batean. Inguruan Paleolito-ondorengo irudi eskematikoak dituzten kobazulo ugari aurkitu dira, beraz, data ezartzea zaila zen.

1994an dibertikulu txiki batean irudi grabatuak aurkitu zituzten, kaltzitaz estaliriko sabai batean, beraiek egiteko lehenik azalera prestatu zuten, hauen kasuan ez dago zalantzarik, Paleolitokoak dira.

Ildo sakonekin grabaturiko hirukia emakume irudi eskematizatu bat izan daiteke, goiko partean belarri antzeko elementuekin apaindua dagoenez, basahuntz baten buruaren eskematizazio bat ere izan daiteke, eskuinera begira marraztua. Hari itxurako beste irudi bat eta beste hiru grabatu fin ere badaude.

Irudiak egin ziren garaia ezartzea ez da erraza, baina inguruko beste kobazulo batzuetakoekin konparatuz, Madeleine aldikoak izan daitezke.

 

Ekainberri

Leave a reply

X