Grotte de Jovelle: labar artea Dordoinako harrobi batean

La Tour-Blanche komuna Dordoinako departamenduan dago, Charente hiritik hurbil, Perigord ipar mendebaldean, Akitania Berria eskualdean.

Kareharrian modelaturiko paisaia bat da eta Erdi Arotik kareharri hori erauzteko harrobiak egin ziren bertan, harri hori batez ere errotarriak egiteko erabiltzen ziren. Harri erauzketa aire zabalean zein lurpean burutzen zen eta tunel artifizialek galeria naturalekin topo egiten dute.

Grotte de Jovelleko mamut grabatuen xehetasuna, La Tour-Blanchen, Dordoina.

Grotte de Jovelle 30 metro inguruko luzera duen kobazulo bat da, izen bereko gazteluaren hondakinetatik gertu dago. 2006tik Dordoinako Departamendu Kontseiluaren jabegokoa da eta monumentu historiko bezala babestuta dago. Publikoarentzat itxita dago.

Grotte de Jovelle haitzuloaren sarreraren irudia, La Tour-Blanche komunan, Dordoina.

Bertan Goi Paleolitotik XX. mendera arteko giza-okupazio aztarnak aurkitzen dira, gizakia bertan bizi izan da eta bertan lanean aritu da, Goi Paleolitoan elur-oreinen eta zaldien aztarnak aurkitzen dira, baita marruskagailuak edo zulakaitzak bezalako harrizko tresnak ere. Neolitikoan, duela 3.000 urte inguru, lurperatzeak egin ziren bertan eta Burdin Aroko zeramika aurkitu da. Gero harrobia izan zen.

Grotte de Jovelleko basahuntz irudi grabatua.

1983ko udazkenean Paleolitoko labar artea aurkitu zen bertan, sarreratik gertu kokaturik dagoen horma batean irudi grabatuak daude, hein batean harrobiko jardueraren ondorioz zoruan pilaturiko hondakinek ezkutatuta.

Irudi gehienak mamutak dira, baina basahuntzak eta zaldiak ere badaude. Marrazkiak zortzi paneletan antolatzen dira, beraietako bat harrobiko lanen ondorioz partzialki suntsitua dago. Harrobitik eroritako hainbat harri-bloketan ere grabatuak daude.

Labar grabatuak Goi Paleolitoaren fase goiztiarrenetakoak izan daitezke, Aurignac aldian eginak, duela 37.000-31.000 urte inguru, bertan aurkitutako harrizko tresnak ere garai horretakoak dira.

Ekainberri

Leave a reply

X