Grotte de Bayol edo Grotte des Colonnes: harriaren formekin egindako artelanak

Grotte Bayol edo Grotte Colonnes izeneko haitzuloa Ermitage de Notre-Dame de Laval muinoaren goiko aldean dago, Gardon ibaiaren adarretako batek sorturiko haranean. Collias komunatik hego mendebaldera dago, bi kilometro ingurutara, Les Costelles izeneko inguru batean, Gard departamentuan, Okzitaniako eskualdean. Monumentu Historikoa da 1931tik.

Bayol haitzuloko espeleotema multzo baten xehetasuna, Collias komunan

168 metroko luzeradun kobazulo bat da, elkarren artean angelu zuzenean elkartzen diren tamaina berdintsuko bi galeriak osatua. Musteriar aldikoak izan daitezkeen suharrizko tresna batzuk eta basahuntzaren aztarnak aurkitu dira, Nimeseko Museoan gordetzen dira, baina ez dute informazio askorik eskaintzen.

Grotte de Bayoleko animalia irudi baten xehetasuna

Irudiak 1927an topatu zituen Jean-Frédéric Bayol abadeak, bertan hogei irudi margotu aurkitu dira, kobazuloaren bi galerietan banatuak, okre horiz eta gorriz margotuak, baita irudi beltzak ere. Irudiak osatzeko harriaren formak erabiltzea oso ohikoa da, agian hormetan gauzak ikustea errazagoa zen espazioa argitzeko suaren argia erabiltzean.

Grotte de Bayoleko esku positiboetako biren xehetasuna

Gaiaren aldetik, zeinuak dira nagusi, bastoi formakoak, angeluar bat, bi klabiforme eta identifikatzen zailak diren beste batzuk daude. Bost esku positibo ere badira, okre horiz eskua busti eta horman jartzearen emaitza.

Animalia irudiak ere ageri dira, espezie aniztasun handiarekin, bi basahuntz, zaldi bat, orein bat, arrain edo suge baten  burua izan daitekeena, hartz bat, katuki bat eta espeziea zehaztea zaila den beste lau animalia irudi deskribatu dira.

Zaila da irudiak egin ziren garaia ezartzea, hasiera batean Aurignac aldikoak izan daitezkeela pentsatu zen, estilo “arkaikoagatik”, baina inguruko beste haitzulo batzuetako irudiekin alderatuz, Solutre aldikoak izan daitezkeela uste da, duela 20.000 urte inguru eginak.

Ekainberri

Leave a reply

X