EuskarAbenturako partehartzaileek Ekainberri bisitatuko dute

Uztailaren 1an abiatu zen Euskal geografia, kultura eta historia ezagutzeko oinezko espedizioa da EuskarAbentura. 16-17 urte bitarteko 120 gazte inguruk hartzen du parte hilabete irauten duen ekimen honetan. Espedizioak izango dituen 31 etapetan zehar Gizateriaren Ondare diren guneak bisitatzen dituzte eta, uztailaren 26an, Ekain kobazuloaren margoak ezagutzeko aukera izango dute Ekainberrin.
Ekain kobazuloa 2008ko uztailaren 7an UNESCOk burutako konferentzian Munduko Ondare izendatu zuen, Erlaitz Kantabriarreko labar-artearen beste 17 santutegirekin batera. 1969an bi gaztek Zestoatik (Gipuzkoa) oso gertu aurkitu zuten Ekaingo koba, bikain kontserbatzen diren Madeleine aroko labar-pinturengatik da ezaguna, duela 14.000 urte inguru eginak.
Uztailaren 26an Ekainberrik EuskarAbenturako taldea hartuko du beste urte batez, Ekain Fundazioaren laguntzarekin. Zestoan 9:00tan elkartuko gara beraiekin eta oinez hasiko dugu ibilbidea, Historiaurrera, gure kulturaren jatorrira. Bizitzaren erritmoa mendeetan zehar markatu duen Urola ibaia aintzinako Errege Bide izan zen Zubimusu zubitik zeharkatuko dugu Lili Jauregira iristeko, Sastarrain bailaran barneratu aurretik.
Lili Jauregia Erdi Aroko jauregi ikusgarria da, Zestoako Lili familia boteretsuaren etxea. Lilitarrak inguruko baso, lur, ibai, errota eta burdinolen jabe izan ziren eta, gaur egun, duela lau mendeko Gipuzkoa eta Lili familia hobeto ezagutzeko aukera ematen digu benetako eszenario eta pertsonaia historikoetan oinarrituta egiten den “Lilitarren Ohorea” izeneko antzezlanak.
Ekainberrirako bidea Sastarrain bailaran barrena egingo dute EuskarAbenturako gazteek, duela 14.000 urte Ekaingo margoak margotu zituzten pertsonak ibiltzen ziren ingurune beretsuan. Errekasto baten ondotik doan eta zuhaitz eta landarez inguratuta dagoen ibilbide atsegin batetatik iritsiko da taldea Ekainberrira. 9:30ak inguruan, Ekainberriko oroigarria emango diegu bertan eta argazkia aterako dugu EuskarAbenturako talde osoarekin.
Jarraian gazteek Ekainberri bisitatuko dute eta Ekain kobazuloaren ondarea eta honen garrantzia era atsegin eta ludikoan ezagutzeko aukera izango dute. Lehenik eta behin, erreplikara bisita egingo dute zentzumenen bidaia batetan. Euskal kostaldeko labar-pintura ikusgarrienak ezagutuko dituzte eta duela 14.000 urte leku horretan bizi ziren pertsonek sentitzen zutena kobazuloaren barruan sentituko dute.
Esperientzia eta bizipen hauek guztiak aberastu egingo dituzte historiaurrean nola bizi zen ikasiz. Historiaurreko biziraupen teknika desberdinak praktikatuko dituzte, arkeologia esperimentaleko tailerren bitartez.
Izan ere, Ekainberri kultura transmisioaren gune izatea nahi dugu eta EuskarAbenturako gazteek, gure ondarea eta izaera ezagutzea, ulertzea eta praktikan jartzea oso garrantzitsua iruditzen zaigu.

Ekainberri

Leave a reply

X