Grotte de Pergouset edo Pargouzet: Madeleine aldiko grabatuak Okzitanian

Grotte de Pergouset edo Pargouzet Saint-Gery komunan dago, Lot departamenduan, Okzitania eskualdean. Lot ibaiak sorturiko labarren eskuineko ertzean kokatzen da, ibaiaren mailarekiko 10 metro inguruko garaieran, hegoalderantz orientatua, Lot eta Céle ibaien elkargunetik oso gertu.

1964ko otsailaren 4an Jean-Guy Astruc espeleologoak errepide ertzeko zirrikitu batetik irteten zuen lurruna ikusi eta kobazulo baten sarrera aurkitu zuen, jatorrizko sarrera errepidearen gaineko maldari eusteko eraikitako horma batek estaltzen zuen.

Grotte de Pergouset-eko irudi grabatuetako baten xehetasuna, ikustea errazteko trataturiko irudia

1967ko urtarrilean Monumentu Historiko bezala izendatua izan zen, ikerketa arkeologikoak 1999an bukatu ziren. Publikoarentzat itxita dago.

Kobazuloa Paleolitotik Erdi Arora bitartean erabilia izan zen, azken garai honetan arrantzarako babesleku bezala.

“Pergouseteko munstro”etako baten xehetasuna

Kobazuloaren lau aretotan zehar banatuta 153 irudi grabatu deskribatu dira, mamutak, bisonteak edo oreinen irudiak identifikatu ahal izan dira, denak grabatuak. Baina kobazulo honetako bereizgarria IV aretoko irudi irrealak edo distortsionatuak dira, gai desberdinak elkarren artean uztartuz eginak, Pergouseteko munstro bezala ezagunak eta labar arte franko-kantabriarrean beste inon ikusten ez direnak.

Oreinaren marrazkia Okzitaniako Grotte de Pergouset-en, hobeto ikusteko trataturiko irudia

Hiru bulba oso errealista ere aipatu behar dira, emakume baten garapen faseen sekuentzia bat izan daitekeena osatzen baitute, lehena barruan dago, eskematikoa eta osatu gabea da, erdikoa haurdun dagoen lehen aldian dagoen emakume batena izan daiteke eta hirugarrenak zenbait erditze osatu dituen emakume batena.

Marrazkien estilo bateratuak munstroak eta ohiko irudiak pertsona berak eginak izan daitezkeela pentsarazten du.

Irudiak Madeleine aldikoak izan daitezke, duela 14.000 urte inguru eginak, Goi Paleolitoaren bukaera aldera.

Ekainberri

Leave a reply

X